Jokin Bildarratzek ez du senatari jarraituko

Ataria 2020ko irailaren 3a

EAJk Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburu izandakoa proposatuko du Eusko Legebiltzarrean Espainiako senatari izateko, eta Madrilen Bildarratzek zuen tokia hartuko du.

Inbestidura saioan Iñigo Urkulluk bere hitzaldia amaitu eta berehala, EAJk ohar bat bidali du adieraziz Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburu izandakoa proposatuko duela Eusko Legebiltzarrean Espainiako senatari izateko. Orain, Madrilen Jokin Bildarratzek zuen tokia hartuko du. EAJk azaldu du EBBk hartutako erabakia izan dela, eta, halaber, eskerrak eman dizkio Bildarratzi azken zortzi urteetan Madrilen egindako lanagatik.

Bestalde, PSE-EEk jakinarazi du Tontxu Rodriguez proposatuko duela. Okerrik ezean, bi horiek Idurre Bideguren EH Bilduko kideari gehituko zaizkie Eusko Legebiltzarrak aukeratu behar duen senatari hirukotean. Irailaren 24ean egingo da bozketa Legebiltzarrean.

Eusko Legebiltzarrak hiru senatari izendatu behar baditu ere, atzo EH Bilduk egin bezala, bakarra proposatu du EAJk ere. «2012an eta 2016an gertatu zen bezala, beste bi senatarien izendapena Alderdi Sozialistaren eta EH Bilduren erabakia izango da, uztailaren 12ko hauteskundeetan EAJren atzetik boto gehien jaso zuten bi alderdiena, eta horrek bermatzen du euskal gizarteak ordezkaritza zabala izango duela Senatuan», gaineratu du EAJk oharrean.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!