Julen naiz

Erabiltzailearen aurpegia Julen Telleria Lopetegi 2020ko irailaren 6a

Aupa, Julen naiz, eta lerro hauen bitartez aurkeztu nahi dizut neure burua. Axun eta Xabierren semea naiz. Anttonen anaia naiz (bueno, bera nirea). Iruran jaiotakoa naiz, baina tolosarra izango naiz betiko. Laskorain ikastolako ikasle ohia naiz, harrotasun osoz eta harrokeriarik gabe.

Tolosako musika eskolakoa ere bai. Bide batez, musikaria naiz (bakarren batek perkusioa musikatik aparte utzi nahiko balu ere). Perkusio jotzailea naiz, eta listo. Eta, ondorioz, txarangeroa. Oso txarangeroa naiz (portzierto, aurten, gure Jainekinek, 10 urte!). Baina musika talde bateko abeslari ere izandakoa naiz (horri abestea esaten bazaio). Betidanik, ikaragarri kirolzalea izan naiz: nahiago praktikatu, hori bai, begira egon baino. Zesta puntan Gipuzkoako txapeldun izan naiz. Futboleko makina bat domina ere baditut, meriturik apenas egin badut ere. Azken urteotan, korrikari emana bizi naiz. Behobiazalea naiz. Beno, orain, bizikleta ere badaukat. Igeri ere saiatzen naiz (eskerrak egoskorkeriari, bestela…). Argi, orain, triatleta naiz. Eta ez dezadan ahaztu, Tolosako batel estropadetan ere arraunean aritu naiz (ez gaitezen hemen hasi zenbat bandera irabazi genituen esanaz)! Azken honi lotuta, Lizardi kultur elkarteko bazkide naiz. Txikitatik izan naiz Lizardikoa. Irrati eta telebistako mutila naiz; hori dakit egiten. Bere lana pasioz bizi duen horietakoa naiz, horren abantaila eta buruko min guztiekin. The Asta Pistols kuadrillakoa naiz, bat gehiago, hogeita zortzi lagunen artean. Lagun eta senarra ere banaiz. Tipo normal bat.

Baina ahalegin denak egingo ditut, benetan, aita ona izaten saiatzeaz gain, aurretik naizen hori guztia izateari ez uzteko

Orain aita izan naiz. Eta paragrafo berri batean esaten dizut hau, izan ere, titulu potoloa da, bizitza betiko aldatzen dizuna eta hori guztia. Baina ahalegin denak egingo ditut, benetan, aita ona izaten saiatzeaz gain, aurretik naizen hori guztia izateari ez uzteko. Ez dezala aitatasunak aurretik zegoen pertsona ezkutatu. Nahi duzuen arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!