Koronabirusa

Aingurak

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Iturbe 2020ko ira. 4a, 07:58

Zuri ere esango zizun lankideren batek edo eskaileratan gurutzatzerakoan aiorekin konformatzen ez den bizilagunak edo zaharragoa delako gehiago dakiela uste duen senideak, urteek ze belozidade hartzen duten adin batetik aurrera. Konturatzerako harrituko duzu zeure burua ondorengoei gauza bera errepikatzen. Topikoek egiazkotasun kategoria irabazten duten garaian gertatu ohi da. Alegia, edozer dela ere, besteek esandakotik norberari gertatzera pasatzen denean.

Psikologo bati irakurri nion behin denborak ez duela abiadarik aldatzen. Egunak hirurogei minutuko hogeita lau ordu dituela denontzat, izan gazte edo zahar. Psikologoa izan gabe hainbeste jakin liteke. Baina hark bazekien edo hala uste zuen, aingurak direla memorian denborari mugarriak jartzen laguntzen digutenak. Aingurak dira, esaten zuen, bizitzako une gogoangarriak. Gaztetan ainguraz beteta dago bizitza. Ia dena da abentura, edo amets, edo misterio, edo helburu, edo lorpen, edo juxtu kontrako. Lotzen ditugu ikasketen urteak eta lagunak eta gertakizunak. Behin adin batetik aurrera, ordea, gero eta bata bestearen antz gehiago hartzen dute egunek, nekez aldatzen da lanpostua edo bizimodua, kostata ezagutzen jende berria. Eta hala, denborak aingurarik gabeko memoriaren autopistan egiten du aurrera. Geltokirik gabe. Abiada bizian.

"[...] hark bazekien edo hala uste zuen, aingurak direla memorian denborari mugarriak jartzen laguntzen digutenak"


Horregatik orain zalantza: ospatu ez diren festak, egin gabeko bidaiek, asmo hutsean geratutako hitzorduak, bertan behera utzitako ilusioak, atzeratutako planak... balio ote dute aingura bezala? Ze, hala balitz esan liteke berdindu samartuak geratu gara belaunaldi desberdinetako jendeak abiadurari dagokionean. Gehienontzat geratuko da aurtengo uda egin gabekoen ainguratxoz josia (batzuk ez ginen bestela ere sanferminetara joango seguru asko, baina ez da gauza bera ahal izanda ere ez joatea, eta nahi eta nora joanik eza).

Galdetuko nioke psikologoari gazteentzat ze abiadura izan ote duten hilabeteok. Egin duten guztia albistegietako eredu salagarritzat erabiltzeak ainguratik edo harlauzatik ote duen gehiago. Gertatu gabekoen aingurak sakontasun bera ote duten. (Esateko modu bat da. Hitzezko zutabea eraikitzeko amarrua besterik ez).

Zerbait hasteko aurrekoa bukatu beharra izaten duten horietakoa naiz. Urduri jartzen nau bukatu gabeko xanpuaren ondoan berria ireki eta erabiltzen hasi direla ikusteak. Berdin tomate potoak edo boligrafoak. Ondo bukatu gabeko ikasturte/lan-urte baten segidan berria hasi beharrak eragiten didan urduritasunari aurre egiteko ekarri ditut aingurak hizpidera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!