Osakidetzako iruzurraren auzian lekukoak deklaratzen hasiko dira

Ataria 2020ko irailaren 1a

24 lekuko daude deituta Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegira. Osakidetzako zuzendaritza ohia auzipetzeko eskatu zuen LABek, eta tartean da Xabier Balerdi tolosarra, Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariorde izandakoa.

Aurrera jarraitzen du Osakidetzak 2016-2017an egindako LEP lan eskaintza publikoaren iruzurraren auziak. Gaurtik aurrera, lekukoak hasiko dira deklaratzen, Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegian. LAB sindikatuak —herri akusazioa da auzian—  joan den ekainean eskatu zuen pertsona horiek epailearen aurrean deklaratu zezatela, eta, sindikatuak helarazitako oharraren arabera, Ana Jesus Zulueta instrukzioko epaileak ontzat jo zuen eskaera. 24 lekuko daude deklaratzera deituta.

LABek nabarmendu du «pozik» daudela auzi judiziala «aurrera» egiten ari delako. Joan den ekainean iruzurraren auzian inputatuetako bik deklaratu zuten: Bilboko Basurtuko ospitaleko neurokirurgia zerbitzuko buruak eta Arabako osasun sistema publikoko neurofisiologiako buruak —beste hiru inputatuek  iazko maiatzean deklaratu zuten—. Haien deklarazioak entzun ondoren, Osakidetzako zuzendaritza ohia auzipetzeko eskatu zuen LABek, iruditzen baitzaio lan eskaintza publikoko probetan «asmo bidegabeetarako elkartzearen» delitua egin zuela. Goi kargu ohi horien artean aurkitzen da Xabier Balerdi tolosarra, Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariorde izandakoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!