Koronabirusa

Gaur egitekoa zen Dantz Point Tolosa bertan behera geratu da

Ataria 2020ko abuztuaren 28a

Tolosako Udaleko Kultura sailak herriko hainbat eragile eta talderekin batera uda honetarako antolatua zuen beste kultur ekitaldi bat erori agendatik:  Dantzpoint jaialdia. Don Inorrez taldearen kontzertuak, ordea, egun berria du. Irailaren 4an izango da Trianguloan.

Tolosako Udaleko Kultura sailak herriko hainbat eragile eta talderekin batera antolatu ditu kultur ekitaldiak, uda honetan, Tolosatik mugitu beharrik gabe kulturaz gozatu ahal izateko. Gaurko  antolatuta zuten musika elektronikoaren inguruko Dantz Point Tolosa jaialdia, baina bertan behera geratu da chill out berezia. "Koronabirusa dela-eta, gaur egungo egoerak ez du ahalbidetzen ekitaldia beharrezko segurtasun neurriekin egitea, eta horregatik erabaki da bertan behera uztea", argitu du Tolosako Udalak. 

Don Inorrez taldearen kontzertuarekin ere antzera gertatu zen. Uztailaren 18an eskaintzekoak ziren kontzertua Tolosan, baina orduan ere ezin izan zen gauzatu. Orain baina, egun berria zehaztu dute, eta Tolosan ariko da zuzenean Don Inorrez taldea, Irailaren 4an, ostiralean, 19:30ean, Tolosako Trianguloa plazan eskainiko dute. Hori bai, kontzertura joan ahal izateko nahitaezkoa izango da aurrez eta Internet bidez gonbidapena eskuratzea. 110 lagunentzako lekua prestatuko dute. Gonbidapena Internet bidez eskuratzeko arazoren bat duenak, kultur etxera jo dezake.

Derrigorrezkoa izango da kontzertura musukoarekin joatea, eta "indarrean dauden gainerako segurtasun eta prebentzio neurriak betetzea", adierazi dute udaletik, eta besteak beste, "pertsonen artean metro eta erdiko distantzia mantentzea eta eskuak garbitzea".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!