"Ea denboraldiko mailarik politena Kontxako estropadarako lortzen dugun"

Egun gutxi pasa dira Ohiane Iraola Orioko arraunlariak Euskotren Ligako txapela irabazi zuenetik. Ospakizunak ahaztuta, Orioko arraunlariek Kontxara begira entrenatzen jarraitzen dute.

Euskotren Ligako txapela irabazi duzue. Pozik lortutakoarekin?

Bai. Gustura. Koronabirusaren kontuarekin hasieran ez genekien eta ezjakintasun puntu bat bagenuen. Nire ustez egoera honek talde guztiak gehiago berdindu ditu. Martxan jarri arte ez genekien zer gertatuko zen. Emaitza nik uste espero baino askoz ere hobea izan dela.

 

Zer sentitzen da?

Ni pertsonalki irabazitako garaian ez naiz kontziente. Guk denboraldia estropadaz estropada antolatzen dugu, eta hainbeste kontzentratzen zara estropada bakoitzean, gero bukaeran ez duzula lortutakoaren dimentsioa ikusten. Behin denboraldia amaitu, eta hilabetera pentsatzen jartzen zarenean, orduan bai, zer lortu duzun konturatzen zara. Baina martxan zauden bitartean, ez zara kontziente.

 

Ligan, hamabi estropadetatik hamar irabazi dituzue.

Ez da erraza, baina gaitasuna dugu gure esfortzu eta atentzio guztia momentu horretan jartzeko. Ez dugu ikuspegi zabalago batetik ikusten, baizik eta, asko zentratzen gara egunerokotasunean. Gure puntu fuertea hori da. Nik uste horrek eraman gaituela hamabitik hamar irabaztera.

 

Ezin izan zenuten zaleekin ohiko moduan ospatu garaipena, baina kalez kale ospatzeko modua bilatu zenuten.

Talde guztiak elkarrekin bazkaldu eta gero, igande arratsaldean, klubetik erabaki zen ligan irabazitako bandera guztiak aterako genituela. Furgonetetan banatu, eta kalez kale aterako ginela herriari eskaintzeko eta baita eskerrak emateko ere. Guretzat ez da erraza, baina ezta zaleentzat ere. Kosta egiten zaie etxetik atera gabe gelditzea, eta estropadak etxetik ikustea. Egia esan Eusko Jaurlaritzaren eta Ligaren aginduak ondo bete dituzte.

 

Nola hartu zituzten herritarrek?

Izugarrizko herria da Orio. Beraientzako arrauna dena da. Orioren esanahi nagusiena nire ustez arrauna da. Beste herrietan ez dago horrelako sentimendurik. Kirol txikia da arrauna, eta izugarria da zenbat bizitzen duten.

 

Eta nola bizitu zenuen zuk furgoneta barrutik?

Penarekin. Ikusten duzu jendea pozik dagoela, baina ez da izan besteetan bezalako aukerarik. Harrera egiten digute udaletxean, herriko plaza jendez beteta.... pena pixka batekin.

 

Denboraldi arraroa doa koronabirusa dela eta, zer moduz bizitu duzue egoera?

Taldeak orokorrean oso ondo eraman duela esango nuke. Ondo eraman dugu. Bakoitzaren bizitzan bezala, hiru hilabete horietan ere gorabeherak izan dira. Burugogor jarraitu dugu lanean. Ia astero bideo dei bidez elkartzen ginen talde osoa. Entrenatzaileak hitz egiten zigun, eta denboraldiak zein itxura zeukan, hau da, egingo zen edo ez. Berak hasiera-hasieratik animoak ematen zizkigun eta beti esaten zigun Liga egiteko aukera asko zeudela. Aukera ezberdinak eskaini dituzte egin ahal izateko. Ligaren aldetik egiteko erraztasunak jartzen zituztela ikustean, zuri ere entrenatzen jarraitzeko ilusio gehiago ematen dizu, nahiz eta bakarrik entrenatu behar izan dugun hiru hilabeteetan zehar.

 

Zuk nola bizitu dituzu egun horiek?

Nik animo aldetik ez dut hain gaizki pasa. Bakarrik entrenatzen duzu, baina uda segituan iritsiko zela pentsatzen nuen. Eta lanak ondo eginez gero, uda polita izango zela.

 

Beraz, bai fisikoki eta bai psikologikoki ere indartsu sentitu zara.

Ni neure buruarekin harritu naiz. Momentuan ez zara kontziente zer bizitzen ari zaren. Baina behin denbora pasa, eta atzera begiratzen duzunean, azkenean, hiru hilabete pasa ditugu bakarrik entrenatzen, eta jarraitzeko gogoarekin gainera! Oraintxe bertan, berrogeialdia pasa ez bagenu, eta hiru hilabete bakarrik entrenatzen pasa behar ditudala esanez gero, ez dakit hori eramateko gai izango nintzatekeenik.

 

Arraunak badu zerbait...

Bai. Bai. Niretzat arraunak asko du. Ez dakit zer daukan esaten.

 

Zuen emaitzetan ez da asko igarri.

Egoera honek uste dut taldea gehiago elkartu duela. Hiru hilabete etxean egon eta gero, behin uretaratzean, ikusten duzu ez dela berdina. Denboraldi-aurrea ez dela egin antzematen da. Ontzian asko nabari zen, urduritasuna, ontzia ez doa gaizki baina ez doa guztiz seguru,... Horrek guztiak urduritasun puntu bat eragiten dizu, baina azkenean ikusten duzu beste guztiak ere zure egoera berdinean egon direla. Zu gaizki zaude, baina besteak ere bai, eta horretatik indartsuen ateratzen den horrek irabazten du.

 

Bigarren urtez jarraian irabaztea lortu duzue Euskotren Liga. Talde indartsua zaudetela esan nahi du?

Urte dezente elkarrekin arraunean daramatzagun batzuk gaude taldean. Denboraldi honetan uste dut asko nabaritu dela hori. Nahiz eta beste taldeena bezain indartsua ez izan, bloke bat duzunean, urteetako lan hori agerian geratzen da. Uste dut hori dela gertatu zaiguna. Taldeko bloke hori mantendu dugu, nahiz eta uretara joateko aukerarik ez dugun izan.

 

Esperientziak eragina izan du.

Beste urteetan ere balio izaten du, baina aurten beste puntu positibo bat izan da hori ere.

 

Aurrera begira, zein helburu dituzue?

Orain, liga bukatuta, Kontxako Bandera geratzen zaigu. Lehenengo pausoa, denena moduan, sailkatzea izango da. Azkenean estropada batean ez dakizu zer gertatu daitekeen. Zorte txarra izan edo ziaboga istriborretik ematea, lanak ondo egin beharko ditugu sailkatzeko. Ea denboraldiko mailarik politena Kontxako estropadarako lortzen dugun, eta horretan jarraitzen dugu lan eta lan.

 

Bukatzeko, azpimarratu nahiko zenukeen zerbait bada?

Bai. Gustatuko litzaidake Tolosaldeako Arraun Klubeko taldea zoriontzea. Izugarrizko denboraldia egin dute, garaipen pila bat lortuz, eta bizitu dugun egoera eta gero, meritu handia dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!