Tolosako Udalak Osasun Sailak 2020ko abuztuaren 19ko Agindua eman duela eta, herritarrei jakinarazi die udalak "bere gain" hartu duela "agindua Tolosan aplikatzea". Bando bidez, maskara erabiltzeko derrigortasuna; higiene eta prebentzio neurriak betetzea; edo sektoreka edukiera mugatzea eta prebentzio-neurri espezifikoak ezartzea aipatzen ditu.
Hasteko, herritarrei bizikidetza egonkorreko taldetik kanpoko gizarte-topaketak murriztea gomendatzen die, eta baita gizarte-topaketa horiek gehienez 10 lagunenak izatea ere. Eta COVID-19arekin bateragarriak diren sintomarik ohikoenetako bat duen edonori zuzenduta: "Etxean geratu beharko du, eta ahalik eta lasterren jakinarazi beharko dio osasun zerbitzuari".
Maskararen erabileraren derrigortasuna
Tolosako Udalak herritar guztiei gogorarazi die pertsonen arteko tartea edozein dela ere, nahitaezkoa dela maskara erabiltzea: bai bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan, bai erabilera publikoko gune itxietan edo jendearentzat irekita dauden lekuetan. Horrez gain, ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuetan, tabernak eta txokoak barne, maskara erabiltzeko betebehar hori jateko edo edateko unean bakarrik kentzen da. Bestela, erabili egin beharko da. Igerilekuen kasuan, "bainua hartzen ari garen bitartean edo eremu zehatz batean bagaude, ez da beharrezkoa izango maskara erabiltzea, betiere erabiltzaileen arteko segurtasun tartea errespetatu badaiteke", argitu dute udaletik. Aldiz, igerilekuetan joan-etorriak egiteko eta paseatzeko, maskara erabili beharko da. Pertsona-taldeek gehienez ere hamar lagunekoak izan beharko dute, eta pertsonen arteko tartea errespetatu beharko dute beti.
Maskara behar bezala jarri behar dela ere gogorarazi dute: "Sudur-trenkadaren zati batetik kokotseraino (barne) estaliz". Eta, erabili beharreko maskara motak ez duela arnasa egiteko balbularik izan beharko argitu dute, "salbu eta maskara mota hori gomendatuta dagoen erabilera profesionaletan".
Garraio publikoaren kasuan maskara nahitaez erabili beharko da, sei urtetik aurrera. Bidaia hasten denetik amaitzen den arte, eta bidaiariak garraiatzeko adierazitako garraiobideetako edozein erabiltzen denean. Garraio pribatuan, ordea, maskarak erabiltzea ez da exijitzen baldin eta bidaiariak elkarrekin bizi badira etxebizitza berean.
Higiene eta prebentzio neurriak.
Jarduera ekonomikoaren titularrak edo, hala badagokio, zentro, instalazio, erabilera publikoko espazio eta erakundeen zuzendariak edo arduradunak ziurtatu beharko du garbiketa eta desinfekzio neurri egokiak hartzen direla.
Lehenik eta behin, "ezin izango da erre bide publikoan edo aire zabaleko espazioetan, ezin bazaio pertsonen arteko 2 metroko gutxieneko distantziari eutsi", nabarmentzen du oharrak. Tabakoa arnasteko beste edozein dispositiboren erabilerari ere aplikatuko zaio muga hori, hala nola zigarreta elektronikoei, lurrungailuei, ur-pipei, pipei edo antzekoei.
Edukiera mugatzea eta prebentzio neurri espezifikoak, sektoreka
Beilak eta ehorzketak: Beilak mota guztietako instalazio publikoetan zein pribatuetan egin ahal izango dira, behar bezala gaituta badaude, eta gehienez ere 30 pertsona elkartu ahalko dira. Hildako pertsona bat ehorzteko edo haren errausketa agurra egiteko segizioan, gehienez ere 30 pertsonak parte hartu ahal izango dute, ekitaldia leku irekian egiten bada. Eta kasu guztietan, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea denbora guztian.
Kultur lekuak. Kultur aretoetara joaten direnek ez dute hartuko lekuaren edukieraren %75 baino gehiago. Ezin izango da erromeriarik, edo musika edo dantza erakustaldirik egin espazio irekietan, ez eta bestelako herri ekitaldirik ere. Esaterako, desfile gisako ikuskizun ibiltariak, edo jendeak bide publikoan lagundutakoak.
Jarduera fisikoa eta kirol instalazioak. Federatu gabeko kirol jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal izango da aire zabalean, kontaktu fisikorik gabe, eta gehienez ere 10 pertsonako taldeetan, aldi berean. Aire libreko praktika hori maskararik gabe egin ahalko da. Era berean, kontaktu fisikoa egon daitekeen talde kirolaren kasuan, maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, salbu eta partida edo lehiaketa gertatzen den unean edo jarduera fisiko bizia egiten den unean, bat etorriz COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurrien ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuaren 6.2 artikuluarekin.
Kirol instalazioetan, igerilekuak barnean direla, baimendutakoaren %60 izango da gehieneko edukiera. Igerilekuetan egoteko gehieneko denbora 3 ordukoa izango da pertsonako eta eguneko. Aldagelak eta dutxak erabili ahal izango dira, babes arauak betez eta pertsonen arteko gutxieneko 1,5 metroko distantzia mantenduz.
Haur parkeak, kirol eremuak, skate pistak edo aire zabaleko erabilera publikoko antzeko espazioak jendearentzat irekita egon ahal izango dira, baldin eta horietan gehieneko edukiera errespetatzen bada: barrutiaren azaleraren espazio konputagarriko 4 metro koadro bakoitzeko pertsona.
Diskotekak eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduak. Establezimendu hauen itxiera deklaratzen da: Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea garatzeko erregelamendua onartzen duen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuan III. eta IV. taldeetan sailkatutakoak.
Gazteen lonjak eta antzekoak. Debekatuta dago gazte lonjetan eta antzeko ezaugarriak dituzten lokaletan edozein jarduera egitea.
Tolosako Udalak, bukatzeko, garbi utzi nahi izan du ostalaritzako establezimenduak edo antzekoak ez diren espazio publikoetan, edo kalean "taldean edatea osasungaiztasun egoeratzat" hartuko dela: "Kontrolak indartuko dira baimenduta ez dagoen alkohol kontsumoa eta bide publikoan baimenduta ez dauden beste jarduera batzuk galarazteko".
.