4x4 Hondartza Bolei Txapelketa hartu ohi du irailak Tolosan. Tolobolei taldeak boleibol zelaia prestatzen du Euskal Herria plazan edota Plaza Berrian. Aurten, egoerak bultzatuta, zezen plazan antolatzekoak ziren, baina koronabirusak zapuztu ditu antolatzaileen asmoak.
"Izen emateak martxan jarri genituen egoerak hobera egin eta txapelketa ospatu ahalko balitz, antolatuta izateko", argitu dute antolatzaileek. Baina azken asteetako bilakaera kontuan hartu dute, eta "egoera okertu ere egin da, eta guztion ongizatea helburu izanik txapelketa bertan bera uztea erabaki da", azaldu dute.
Toloboleiko antolatzaileak itxaropentsu agertu dira,eta dagoeneko 2021era begira jarri dira: "Datorren udan gehiago gozatuko dugu boleibolaz!".