"Uste genuena baino bisitari gehiago edukitzen ari gara"

Aitor Arroyo Askarai 2020ko abu. 17a, 19:00

Idoya Otegi Tolosako Topic museoko zuzendaria da. Koronabirusak eragindako egoerak museoaren jardunean eduki duen eragina zein den azaldu du, eta udan jasotzen ari diren bisitariei buruz ere aritu da. 

Zenbat jende ari da Topic bisitatzen?

Beste urte batzuekin alderatuta, jende kopurua txikiagoa da. Baina ez da bisitari gutxiago datozelako bakarrik, Covid-19 dela eta, museoek hainbat neurri berezi hartu behar ditugu; eta neurri horien eraginez, bisitari gutxiago egon daitezke museoan aldi berean. Hala ere, pozik gaude. Uste genuena baino bisitari gehiago edukitzen ari garelako.

Nondik datoz bisitariak?

Kanpotar batzuk eduki ditugu, Europako hainbat herrialdetakoak, baina asko ez. Espainiar Estatuko bisitari dezente jasotzen ari gara: Madriletik, esaterako. Herrialde Katalanetatik ere jende asko etortzen ari da; eta Euskal Herriko hainbat tokitatik ere etortzen da jendea.

Nola eragin du Covid-19ak museoaren jardunean?

Jarraitu beharreko irizpide berezi batzuk esleitu zaizkigu bisitarien segurtasuna bermatzeko helburuarekin. Momentu berean museoa bisitatzen ari den jende kopurua, esaterako, txikiagoa da. Familia bereko kideak badira, gehienez, bost pertsona sartuko dira museora aldi berean; eta ez badira familia berekoak, berriz, hiru bakarrik sartuko dira talde bakoitzean. Horren eraginez, bisitarien joan-etorria txikiagoa da. Hala ere, jende gutxiago edukiko genuela pentsatzen genuen. Aurrez esan bezala, egoera kontuan hartuta, pozik gaude.

Erakusketa finkoaz gain, Formosako txotxongiloen mostra bat ere baduzue orain. Zer du berezitik?

Taiwaneko eskularru txotxongiloak dira. Oso interesgarria da, Taiwan eta Txinaren arteko gatazka gertatu zenean, Txinan hainbat eta hainbat txotxongilo galdu egin ziren. Taiwanen, berriz, mantendu egin zen txotxongilo tradizional mota hori. Horrez gain, oso erakusketa didaktikoa da: txotxongiloaren sortze prozesua nolakoa izaten zen kontatzen du. Egurrezko enbor batetik abiatu eta panpinaren burua nola egiten duten azaltzen du, eta baita jantziak josteko telak nola lantzen diren ere. Nabarmentzekoa da, baita ere, erakusketan ikusgai dagoen txotxongilo kopurua.

Nola lortu duzue Formosako txotxongiloak Tolosan ikusgai jartzea?

Anekdota bitxia da [barreka]. Madrilen dagoen Taiwaneko enbaxadari esker lortu genuen. Zehatzak izateko, Taiwaneko enbaxadoreari zor diogu erakusketa edukitzea. Duela urte pare bat Tolosan izan zen enbaxadorea, Abesbatza Lehiaketa ikustera etorri zen. Horrela, Topic ezagutu zuen eta liluraturik geratu zen. Berak azaldu zuen gure museoan erakusketa bat antolatzeko interesa.

Abuztuaren erdialdera iristen ari gara. Nola baloratuko zenuke orain arteko uda?

Ezohiko garaiak bizitzen ari gara. Kulturaren sektorea kalte handiena jasotzen ari den horietako bat da. Baina, aldi berean, begi bistan geratu da kulturaren garrantzia ere. Konfinaturik pasa ditugun asteetan kulturari esker iraun dugu askok; kultura, zaindu beharreko esparru bat dela ohartu da jendea. Zuzeneko kulturarentzat garai txarrak dira: kontzertuak, antzerkiak, dantza emanaldiak... Guk ere hainbat emanaldi antolatuta genituen, eta bertan behera utzi behar izan ditugu.

Hala ere, itxaropenez nago. Aurrez esan bezala, uste baino jende gehiago ari da etortzen museora. Jendea kulturaren garrantziaz ohartu da, eta hori, benetan ospatzekoa da. Guk lanean jarraituko dugu. Kulturarik gabeko herri bat ez baita ezer.

Abuztuko bigarren hamabostaldiari begira, zein aurreikuspen dituzu?

Museoak irekita jarraituko du, eta orain arteko bisitari kopurua mantenduko dela uste dugu. Aurrera begira, antzokiaren irekiera prestatzen ari gara. Programazioa prest daukagu, eta momentuko baldintzekin aurrera egiteko asmoa dugu. Ziurgabetasun garaia da, berrikuntzak pentsatzeko garaia. Guk, esaterako, kalean erakusketak egiteko asmoa dugu. Kultura bultzatzeko lanean jarraituko dugu.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!