ARGAZKI GALERIA

Txapelak irabazleen buruetan

Ataria 2020ko abuztuaren 10a

52. Pala Txapelketako finalak, azkenean, larunbatean jokatu zituzten Berazubin.

Ostiralean ziren jokatzekoak 52. Pala Txapelketako finalak, baina euriak, larunbatera atzeratzea eragin zuen. Larunbat goizean, 10:00etan hasi eta jokatu zituzten finaleko hiru partidak Tolosako Berazubiko frontoian.

Nesken finala Rodas eta Lopetegik, Karrera eta Muruaren aurka jokatu zuten. Rodas eta Lopetegik lortu zuten txapela janztea, 30 tanto egitera iritsi ostean. Aurkariak, Karrera eta Murua, 15 tantotan utzi zituzten.

Bigarren mailakoen finalean Aldazabal eta Maiza alde batetik, eta bestetik, Salegi eta Zelaia bikotea ziren finalerako sailkatuak. Lehen bikoteak, hau da, Aldazabal eta Maiza beteranoek lortu zuten txapela, aurkariak 13 tantorekin utzita. Adinak ez duela mugarik erakutsi zuten.

Azken partida Zubiria eta Arregi, eta Gereñu eta Zabalaren artekoa izan zen. Hemen ere lehen bikoteak lortu zuen 52. txapelketako txapelak etxeratzea.

Pilotak ez du etenik, eta gaur, 45. Txapela Oroigarria Txapelketarekin hasiko dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!