Gaur jokatuko dituzte Berazubiko pala txapelketako finalak

Tolosaldeko Ataria 2020ko abu. 7a, 10:44

Arratsaldeko seietan hasiko da jaialdia eta lehen finala emakumeena izango da. Hori amaitutakoan jokatuko da gizonezkoen bigarren mailako finala eta, ondoren, lehen mailakoa. 

Tolosa C.F Pala Txapelketaren 52. edizioa da aurtengoa eta gaur (abuztuak 7) amaituko da. Uztailaren 1ean hasi zen egitasmoa eta aste honetan zehar jokatu dituzte finalaurrekoak; guztira, 23 bikote lehiatu dira txapelketan. 

Emakumezkoetan, hiru bikote aurkeztu ziren eta joan etorriko partidak jokatu ondoren, Agirre eta Uzkudun kanporatuta geratu ziren. Sailkatu ziren bikoteak Rodas-Lopetegi eta Karrera-Murua izan ziren, eta horien artean jokatuko dute finala. 

Gizonezkoetan, berriz, astelehenean jokatu ziren lehen finalaurrekoak. Bigarren mailan Salegi eta Zelaia sailkatu ziren Gurru eta Arrieta 30-28 garaitu ondoren. Lehen mailan, ostera, Zubiriak eta Arregik finalerako txartela lortu zuten Loidiren eta Eskuderoren aurka 30 eta 26 irabazita.

Falta ziren finalaurrekoak asteazkenean jokatu zituzten. Bigarren mailako norgehiagokan Aldazabal eta Maiza pasa ziren finalera Laso eta Beloki garaituta. 30 eta 17 tantorekin itxi zuten markagailua. Azkenik, lehen mailako finalaurrekoan Gereñu eta Zabala sailkatu ziren, 30 eta 12 hartu baitzituzten mendean Mendigain eta Laarmirni.

Finalean, beraz, hurrengo bikoteak izango dira aurrez aurre (ordena horretan): 

Emakumezkoetan: Rodas-Lopetegi / Karrera-Murua. 

Gizonezkoen bigarren mailan: Salegi-Zelaia / Aldazabal-Maiza.

Gizonezkoen lehen mailan: Zubiria-Arregi / Gereñu-Zabala

Jaialdia gaur arratsaldeko seietan hasiko da, Tolosako Berazubiko frontoian. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!