Kale garbiketa zerbitzua kontratatzeko esleipena abiaraztea onartu du Tolosako Udalak

Ataria 2020ko abuztuaren 4a

Kontratuak 4 urteko iraupena izango du eta 7.033.636,36€-tan esleituko da zerbitzua. 

Tolosako kaleak garbitzeko zerbitzu-kontratuaren lehiaketari hasiera ematea onartu dute uztaileko Osoko Bilkuran. Aurreko kontratua amaitzear zenez, udalak plegu berriak prestatzeari ekin dio. 

Covi19aren eraginez, administrazio epeak etenda egon dira denbora batez eta horrek zerbitzua kontratatzeko esleipena abiaraztea atzeratu egin du. 

Esleipena ohiko prozedura jarraituta gauzatuko da: lehiaketa ireki bitartez egingo da eta 4 urteko iraupena izango du. Hainbat aldaketa ere txertatu dituzte, besteak beste, aurrekontua handitzea, makinak berritzeko helburuarekin. Aurrez aipatu bezala, zerbitzua 7.033.636,36 eurotan esleituko da. 

Aurrekontua prestatzeko kanpo enpresa batek azterketa ekonomikoa egin du, eta udalak azaldu duenez, langileriaren lan egonkortasuna "bermatzeko eta ziurtatzeko" gizarte klausulak ere txertatu dira pleguetan. Langile mugagabeen kopurua gutxienez %60koa izatea  eskatu dute. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!