Elosegi parkea bihartik aurrera herritarrentzat zabalik

Tolosaldeko Ataria 2020ko abu. 3a, 08:56

Tolosako Udalak bihartik aurrera Elosegi parkea egunero zabalduko du "herritarrek aisiarako gune moduan erabil dezaten". 08:30etik 21:00ak arte irekiko dute, eta parke barruan dagoen bidetik ateratzea debekatuta egongo da, bertaratzen direnen segurtasuna bermatzeko. 

Bihartik aurrera Elosegi parkea herritar guztientzat irekita egongo da. Tolosako Udalak, gaur egungo egoerak aisialdirako aukerak baldintzatu dituenez, herriko beste gune batzuekin egin duen moduan, Elosegi parkea ere herritarrek aisialdirako edo lasai egoteko erabil dezaten egokitu du. Egunero egongo da irekita, baina ordutegia izango du: 08:30etik 21:00etara. Haize handia egiten duen egunetan parkea itxita egongo dela aurreratu dute, segurtasunagatik. Eta horrez gain, parkeko bidetik kanpo ibiltzea debekatuta egongo da, bertaratzen direnen segurtasuna bermatzeko. 

Urte guztian zehar egiten ditu udalak mantentze eta berritze lanak, baina azken asteetan parke barruko bidearen inguruan zeuden eta arriskua sor zezaketen hainbat zuhaitz kendu egin dituzte. Hesi batzuk berritzeko tartea ere  hartu dute. Lanak amaituta, beraz, ateak zabalduko ditu parkeak. "Paseatzeko zein bertako inguruaz gozatzeko leku paregabea da, baina malda handia du, batez beste %60ko pendizarekin. Horregatik, inguruan arretaz ibiltzeko eskatzen da", nabarmendu dute. 

Zedroz, zipresez, haritzez, pagoz eta ezkiz osatutako baso txiki moduan definitu dute Elosegi parkea, eta muxarren, koartzen, saguzarren, anfibioen eta intsektuen babeslekua. "Biodibertsitate gune garrantzitsua da, eta ohikotasunean bisita gidatu bidez edo ekintza konkretuetan bakarrik bisitatu daiteke", ekarri dute gogora udaletik, eta gaineratu dute, orain, "nahi denean joateko aukera izango dute herritarrek, zehaztutako ordutegiaren barruan. Parkean zehar hildako zuhaitzen enborrak ere topatu daitezke. Nahita utzita daude, parkeari hiri basoaren itxura emateaz gain, oso ekosistema garrantzitsua baitira (onddoak, deskonposatzaileak, animalien gordelekua...)".

Biodibertsitatea sustatzeko eremua

XIX. mendeko parke pribatu bat zen Elosegi, gerora udalak erosi eta publiko egin zuena. 26.720 metro koadroko gune natural bat da, eta intereseko hainbat elementu gordetzen ditu: Koba artifizialak, urmael bat, iturburuak… "Herriaren eta mendiaren arteko trantsizio eremuan dago, eta horrek parkearen izaera erabat definitzen du: herrian bertan dagoen baso-mendi natural baten funtzioa betetzen du; herriko birika eta hiri-biodibertsitatea sustatzeko gune garrantzitsua da Elosegi parkea", nabarmendu dute Tolosako Udaletik.

Urtean zehar hainbat ekintza antolatzen dira bertan, inguruak ematen dituen aukerak balioan jarriz. Ingurua egokitzeko egin diren lanak ere ez direla gutxi izan aipatu dute, eta, tartean, begiralekua eraberritzeko lanak eginak dituzte. Edota, gaixorik edo egoera txarrean zeuden hainbat zuhaitz ere eraitsi dituzte. "Parkea segurtasun osoz zabaltzea helburu hartuta, beharrezkoak izan diren lan guztiak amaitzera itxaron da berdegune hau herritarren eskura jartzeko", argitu dute.

Udala Elosegi parkea hiri-biodibertsitatea sustatzeko gune gisa ari da indartzen azken urteetan, "ingurumen hezkuntza eta ikerketarako aukerak lehenetsiz".

 

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!