COVID-19arekin lotutako mezuen %56an bermatu da euskara Tolosako saltokien erakusleihoetan

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko abu. 2a, 12:56

Galtzaundi Euskara Taldeak COVID-19ak Tolosako paisaia linguistikoan izandako eragina aztertu du. Tolosako saltokietako erakusleiho eta sare sozialetako mezuak erreparatu dituzte, eta erakusleihoetan saltokien %56k bermatu dute euskararen presentzia eta sare sozialen bidez, aldiz, %47k.

Koronabirusak ekarri duen osasun larrialdi egoeraren ondorioz Tolosako saltokiek mezu ugari jarri dituzte bai beraien erakusleiho eta baita dituzten sare sozialetan ere. Hori horrela, Galtzaundi Euskara Taldeak Tolosako paisaia linguistikoan izandako eragina aztertu du, saltokietako erakusleihoetako eta sare sozialetako mezuei erreparatuz.

Maiatzaren 11, 12 eta 13an behatu zituzten saltokiak. "Ordura arte itxita egon diren saltoki txiki asko berriz ere martxan jarri diren lehen egunetan", zehaztu dute euskara taldetik. Guztira 602 saltokitako erakusleihoak aztertu dituzte, eta sare sozialetan berriz, 100 saltokiko lagina aztertu dute: "Prospekzio bat ausaz aukeratuz, eta saltokien tipologien bolumen portzentua mantenduz".

COVID-19aren krisiak "eragin nabarmena" izan duela Tolosako paisaia linguistikoan argi geratu dela adierazi dute: "Tolosako saltokien %53k krisiaren ondorioz sortutako mezuren bat jarri dute euren erakusleihoetan. Erakusleiho digitalei dagokienez, sare sozialak martxan dituztenen %60k jarri dituzte COVID-19arekin lotutako mezuak".

2018ko Neguko Merkealdietako Tolosako azterketan jasotako datuekin egin dute alderaketa. Orduan, Tolosako saltokien %20k hartu zuen parte merkealdietan. COVID-19aren ondorioz, ordea, Galtzaundi Euskara Taldeak egindako azterketaren arabera, %53k jarri dituzte oharrak kaleko erakusleihoetan. "Argi dago beraz, osasun krisi egoeran jazotako uholdeak merkealdi sasoiak baino eragin bisual handiagoa izan duela".

Erakusleihoetan COVID-19arekin zerikusia duten mezuak jarri dituzte saltokien %56k bermatu duela euskararen presentzia –euskara hutsez, euskara lehenetsiz edo bi hizkuntzatan jarriz– argitu dute. Datua baxuagoa da sare sozialen kasuan, eta saltokien %47k bermatu du euskara euren argitalpenetan.

2018ko Euskara Tolosako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzu Guneetan azterketa hartu dute oinarri, eta azterketa horren arabera, ageriko idazkiak eta oharrak jarrita zituzten saltokietan euskararen presentzia %36koa zen. Orain egindako azterketaren emaitzekin konparatuz gero, "COVID-19aren krisiaren ondorioz jarritako erakusleihoetako oharretan euskararen presentziak 20 puntuko gorakada izan du, mezuen erdietan baino gehiagotan euskara bermatuz. Beraz, azken urteetan martxan jarritako lanketa jarraituak fruituak utzi ditu, eta behaketa honek ere berretsi ditu aurrerapauso horiek", azpimarratu dute Galtzaunditik.

Saltokien tipologia

Azterketa egiteko lau multzotan banatu dituzte saltokiak: saltoki eta kate handiak; ostalaritzakoak; saltoki txikiak eta zerbitzuak. "Desberdintasun nabarmenak" ikusi dituzte saltokien tipologien arabera jarritako mezuetako hizkuntza trataeran: "Saltoki txikiak dira erakusleihoetan euskararen presentzia gehien bermatu dutenak zerbitzuekin batera; biek ala biek, jarritako mezuen %59an bermatu dute euskararen presentzia. Kontrara, erakusleihoetan euskararen presentzia bermatuz mezu gutxien jarri dituztenak kate handietakoak dira: mezuen %32an bermatu dute euskara. Bestalde, ostalaritzako mezuen erdietan izan du presentzia euskarak".

Sare sozialei erreparatzean, "euskara bazterrean uzteko joera are nabarmenagoa izan dute saltoki handiek", argitu dute. "Egindako prospekzioan, saltoki handiek sare sozialetan COVID-19aren inguruan egindako argitalpen guztiak gaztelania hutsean izan dira". Aldiz, aurrera pauso bat nabaritu dute ostalaritzaren alorreko saltokietan; argitalpenen %68an bermatu dute euskara. Azkenik, zerbitzuen alorrekoek mezuen %57an eta saltoki txikiek, %49an bermatu dute euskararen presentzia.

Eragiten jarraitzearen beharra

Uztaila amaieran eman ditu ikerketaren emaitzak Galtzaundi Euskara Taldeak, eta azterketa egin zenean –maiatzean–, saltokien %56 itxita zegoen, eta ez da gaur egungo egoera berdina. Orain, COVID-19arekin lotutako geroz eta ohar eta kartel gehiago ikusten dira kaleetan. Horregatik, eta azterketak utzitako emaitzei jarraiki, "neurri zuzentzaileak hartzea beharrezkoa da paisaia linguistikoa euskalduntzeko" nabarmendu dute, eta horretarako, "Galtzaundi Euskara Taldea herriko merkatariekin egiten ari den bisita erronda baliatzen ari da", zehaztu dute.

Bukatzeko, egoera berri honek, etengabe saltokietan eragiten jarraitzeko beharra begi bistan utzi duelakoan daude: "Saltokien zein herritarren kontzientziazioan pausoak ematen jarraitu beharra dago, kanpaina puntualez gain, etengabeko lanketarekin jarraituz".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!