Pantaila akustikoak jarriko ditu aldundiak Tolosako herrigunearen parean

Tolosaldeko Ataria 2020ko abu. 2a, 20:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak N-1 errepidean, Irun-Gasteiz norabidean, pantaila akustikoak jartzea onartu du, Tolosako hirigunearen parean. Urria-azaro aldera hasiko dira jartzen pantailak, eta gaur egun dauden pantaila etenak osatuko dituzte.

Tolosako herrigunearen parean Gipuzkoako Foru Aldundiak pantaila akustikoak jarriko ditu. Gaur egun, N-1 errepideak, kalitate akustikoko helburu aplikagarrien gainetik dauden zarata-mailak jasaten ditu, eta dauden pantaila etenak osatuko ditu Irun-Gasteiz noranzkoan. Urria-azaro aldera aurreikusi dute jartzen hastea.

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak Olatz Peon alkatearekin batera bisitatu zuen pantailak jarriko diren eremua, eta foru erakundearentzat "lehentasunezkoa da kutsaduraren aurkako borroka eta ingurumena zaintzea", adierazi zuen. Obrak 773.283,12 euroko lizitazio aurrekontua du, eta sei hilabeteko exekuzio epea.

Kutsadura akustikoaren arloko Europako zuzentarauari jarraituz, Gipuzkoako Foru Aldundiak bide-ardatz handi bakoitzari dagokion zarataren mapa estrategikoa prestatu du. "N-1 errepideak trafiko handia du, eta eguneko batez besteko intentsitatea 47 mila ibilgailutik gorakoa da. Gainera, hainbat herriren ondotik doan bide bat da, eta kutsadura akustikoa eragiten du ", adierazi zuen Oiarbide diputatuak. "Azterketa horretan, gipuzkoarrek, baimendutakoak baino zarata maila handiagoak jasaten dituzten eremuak identifikatu ditugu", gaineratu zuen, eta Tolosakoa da horietako bat. Honenbestez, neurri zuzentzaileen ondoren, "Tolosak bere egoera akustikoa hobetuko duela", azpimarratu zuen.

Gipuzkoako Foru Aldundiak herrian egingo dituen hainbat jarduketetatik lehena izango da: "Zarataren aurkako ekintza planaren barruan, 434 irteera lotunearen inguruan pantailak jartzeko asmoa dugu, GI-2130 eta GI-2135 errepideetarantz, Ibarra eta Lizartzarantz, dauden pantailak suhiltzaileen parkeraino luzatuz. Bi eta lau metro arteko pantailak jarriko lirateke, Tolosako biztanleriaren zati bati eta Andra Mari Ikastetxeari eragingo lieketenak", azaldu zuen. Beste jarduketa batean, "suhiltzaileen parkearen eta kiroldegiaren arteko pantailak jarriko genituzke", gaineratu zuen. Tarte horretan, batez ere, kiroldegia, Laskorain ikastola eta Iurreamendi egoitza  babestuko lirateke. “Jakin badakigu errepide ondoko gune gehiago gelditzen direla babestu gabe, baina askotan baldintzak ez dira nahikoak izaten eta pantailak jartzea ezinezkoa da lekuarengatik edo alferrikakoa da, eraginik ez dutelako”, argitu zuen diputatuak.

Olatz Peon alkateak eskerrak eman zizkion aldundiari pantaila horiek jartzeagatik, eta adierazi zuen "urte askotako eskaera dela". Pantaila horiei esker "bizilagun askoren bizi-kalitatea hobetuko da, batez ere, Ibaiondo eta Larramendi kaleetan bizi direnena, eta baita alde zaharrekoena ere".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!