Zeinu Hizkuntza Interpretazio Zerbitzua indartuko du Tolosako Udalak

Ataria 2020ko abuztuaren 2a

Tolosako Udalak Eskuaire elkartearekin berritu du hitzarmena. Honela, Zeinu Hizkuntza Interpretazio Zerbitzua indartu, eta udalaren eta herritarren arteko komunikazioa eta eskainitako zerbitzua hobetuko ditu informazio eskubide berdintasuna bermatzeko.

194 tolosarrek dute funtzio-aniztasuna entzumenari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019an egindako desgaitasun balorazioen datuen arabera. Zerbitzu berriaren helburua Tolosako herritarren aukera eta eskubide berdintasuna bermatzea da, eta udala eta herria guztientzat irisgarriagoa egitea.

“Udalaren lehentasunetako bat da herritarren ongizatea bermatu eta hobetzeko urratsak ematea. Horregatik, tolosar guztien informaziorako eskubidea bermatzeko, Zeinu Hizkuntza Interpretazio Zerbitzua indartuko dugu. Modu honetara, udalaren eta herritarren arteko komunikazioa hobetu eta herritar horiek komunitatean parte hartzeko dituzten aukerak areagotu nahi ditugu”, adierazi du Tolosako alkate Olatz Peonek.

Gainditzen elkarteak esparru honetan, urteak daramatzala lanean azpimarratu dute, udalaren babes eta laguntzarekin. Helburua entzumenaren funtzio-aniztasuna duten pertsonen eskubideen alde egitea eta herritarrak sentsibilizatzea dela azpimarratu dute udaletik: "2019an sinatu genuen lankidetza hitzarmena Eskuaire elkartearekin, udalak antolatutako ekintzetan interprete zerbitzuak eskaini zitzaten. Orain, pausu berri bat eman nahi dugu eta horretarako, 2020 urte honetan lankidetza hitzarmena berritu dugu elkartearekin, ZHI zerbitzua indartzeko”. 

Udal zerbitzuetarako sarbidea irisgarriagoa egitea dute helburu: "Udalaren arreta eta zerbitzuak entzumen arazoak dituzten pertsonen beharretara eta gaitasunetara egokitzea, eta herritarren eta udalaren arteko komunikazioa hobetzeko tresna berriak martxan jarri nahi ditugu".

Hitzarmen honi eske, ekintza publiko jakinetan, udaletxean izapideak egiterakoan edo sailekin harremanetan jartzerakoan zein antolatzen diren jardueretan zeinu hizkuntzako interpretea eskatu ahal izango dute herritarrek.

Horrez gain, udal webgunean ere hainbat aldaketa egingo dituzte hainbat atal zeinu hizkuntzara egokituz. 

Bukatzeko, zeinu hizkuntzaren oinarrizko tailerrak eskainiko zaizkiela aurreratu dute herritarren arretan diharduten pertsonei (dendariak, tabernariak, udaleko langileak, irakasleak, etab.). Bi formazio saio egitea aurreikusten dute.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!