ARGAZKI GALERIA

Euskal Herriko txokolatearen historia jasotzen duen museoak zabaldu ditu ateak

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko uzt. 31a, 11:59

Rafa Gorrotxategiren Txokolatearen Museoaren inaugurazio ekitaldia atzo arratsaldean izan zen. Lagun eta bidelagunez inguratuta egin zuen irekiera Rafa Gorrotxategik berak.

Rafa Gorrotxategi tolosar gozogileak, ametsak egia bihurtuz, Tolosaren eta Euskal Herriaren historiaren zati den Txokolatearen Museoa ireki du Tolosako Usabal industriguneko 14. zenbakian. Ilusioz eginiko familiaren zati bat ikusgai jarri nahi izan du, museo bilakatuz. "Kakaoa eta txokolatea oso garrantzitsuak izan dira Euskal Herriaren hazkundean eta garapenean", eta historia hori ezagutzera ematea du helburu Rafa Gorrotxategik museoarekin.

Historiatik asko duen museoak, gorrotxategitarren bizipen asko gordetzen ditu, eta hainbeste lagun bildu izanarekin emozionatuta agertu zen Rafa Gorrotxategi. Hasteko, bertaratu ziren guztiei eskerrak eman zizkien, berarentzat garrantzitsua zen egunean alboan izateagatik. Azkenean, urte askotako nahiak gauzatu ditu Rafa Gorrotxategik, eta babestua sentitu zen atzokoan.

Euskal Herriko txokolatearen historia jasoko duen liburu bat idazten ari dela aurreratu zuen, eta bide horretan "museo txiki hau, lehen pausoa da", azaldu zuen. "Txikia da museoa, baina originala eta ezberdina da". Eboluzioa jasotzen duen museoa da Rafa Gorrotxategi konfiteroarena, eta "jende asko da kolaboratu duena", nabarmendu zuen: "Historia asko jasotzen du, eta hemengoa den historia da".

Alboan izan zituen politikariak ere, eta Tolosan izan zen Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenaren eta Azpiegituretako jarduneko sailburua. Rafa Gorrotxategi eta familia osoa zoriondu nahi izan zituen, langileak barne. "Ilusioz betetako berri on bat jasotzea eta konpartitzea benetan pozgarria da. Berrikuntza eta tradizioa batzen dituen proiektu baten adierazle da, eta mundu modernoan kokatzen gaitu herri bezala", adierazi zuen. 

Zinta moztearen tradizioari eutsiz, irekiera zinta moztuz egin zuten. Rafa Gorrotxategiren alboan izan ziren Arantza Tapia eta Josu Jon Imaz. Ostean etorri ziren aurreskua, eta Gontzal Mendibil eta Mikel Markez abeslarien zuzeneko kantu bana ere. 

Jarraian, eta momentuak eskatzen duen moduan, taldetan banatuta bisitatu ahal izan zuten museoa, eta nola ez, mahai ezberdinetan banatuta, txokolatea dastatzeko aukera ere izan zuten gonbidatuek.

Bisita gidatua, bihar, abuztuak 1

Rafa Gorrotxategiren Txokolatearen Museo berria ikusteko aukera izango da. Aitarengandik eta familiarengandik jasotako istorioak kontatzeko esku zabalik hartzen ditu bisitariak Euskal Herriko gozogintzan erreferente den gozogileak. Txokolatea du bere pasioa, baina sekretu gehiago ere kontatuko ditu bisitan.

Txokolatearen jatorrira bidaia egin nahi duenak, bihar, 12:00etan izango du bisita gidatua. 10 euro ordaindu beharko da, eta erreserba egin beharko da Turismo bulegoan (tour@tolosaldea.eus - 943 697 413) . Osatu bisita, haren produktuak dastatuz: menua Botarri erretegian (31,90 euro), Iriarte jatetxean (54 euro) eta Orexako ostatuan (25 euro).  Otorduetarako erreserbak jatetxean bertan egin beharko dira.
Lau urtez azpikoek ez dute bisita ordainduko, 16 urtera artekoek, berriz, bost euro. Otorduetarako, kontsultatu prezioa.

Oharra: gozatzeko, ardura eta segurtasuna: COVID-19 protokoloa.

  • Talde murritzak izango dira.
  • Musukoa erabiltzea derrigorrezkoa da.
  • 1,5 metroko tartea gorde beharko da une oro.
  • Eskuak desinfektatzeko hidrogela jarriko da eskura.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!