Euri urak biltzen dituen ur depositu berria dute Urkizuko abeltzainek

Tolosaldeko Ataria 2020ko uzt. 29a, 11:59

Urkizuko abeltzainek erabilgarri dute dagoeneko Artegietako antenaren sabaian eraiki den ur depositua.

Tolosako Udalak landa eremuko ekonomia sustatzea du helburu, lurralde oreka mantentzeko, ingurumenaren kontserbaziorako eta tolosarrei bertako produktua kontsumitzeko aukera eskaintzeko. Helburu horren barruan eraiki du Artegietako antenan ur depositu berria. 

Tolosako Udalak, Urkizuko abeltzainek eta Itelazpik abenduan sinatu zuten hitzarmenean jasotako obra da ur deposituarena. Udalak egin du proiektua eta obra, eta lanen %50 finantzatu du. Gainerako %50a Tolomendi Landa Garapenerako elkarteak finantzatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza baten bitartez.  Itelazpik antenako azpiegituran egin diren egokitzapen lanak ordaindu ditu. Azkenik, abeltzainek depositua eraikitzeko beharrezkoa den zorua 30 urtez udalaren esku utzi dute, eta deposituaren mantenuaz eta ura beraien lursailetara eramateko beharrezko azpiegiturez arduratu direla adierazi dute udaletik.

Ura abeltzaintzarako soilik erabili ahal izango da. Gaur egun bost baserritako abelburuak ibiltzen dira inguru horietan, gutxi gorabehera, 100 abelburu inguru.

"Bertan jasotako euri ura lursailetara bideratzen dute abeltzainek, haien jarduna erraztuz eta sustatuz. Izan ere, orain arte, abeltzainek traktoreekin igo behar izaten zituzten ur deposituak larreetara, eta orain garraio gastuetan eta denboran aurrezten dute", azpimarratu dute.

Iraunkortasun handiko hormigoizko depositua da eraiki dena, eta erdi lurperatuta dago paisaiarengan ahalik eta inpaktu gutxien izan dezan. Horrez gain, uraren garbitasuna bermatzeko dekantazio depositu txiki bat ere ezarri da, eta aireztapen naturala ere badu kutsadura ekiditeko. Azpiegitura berriari esker, biltzen den euri ura erabili eta depositua zisternen bidez betetzeko aukera dute abeltzainek. Honela, depositutik hodien bidez bideratzen dute ura lursailetara. "Proiektu erabat berritzailea da, beste inon ez baita antena baliatu euri urak biltzeko", nabarmendu dute udaletik.

Landa eremuko ekonomia sustatzeko

Tolosako Udalaren esanetan, abeltzaintza beharrezkoa bezain onuragarria da ingurumenaren zaintza eta kontserbaziorako: "Ingurumenaren ikuspegitik alturako larreak edukitzea onuragarria da interes handiko habitatak sortzen eta mantentzen dituelako, hortaz, abeltzaintza ustiapenak ahalik eta estentsiboenak izatea eta lurrari lotuta egotea ingurumenarentzat mesedegarria da beti".

Ildo horretatik, "aldaketa klimatikoari aurre egiteko ezarritako bi lan ildo nagusiei erantzuten die Urkizuko ur deposituaren proiektuak. Alde batetik, gasen isuria gutxitu da ura garraiatzeko joan-etorriak murriztu direlako eta bestetik, azpiegiturak egungo egoerara egokitzea ahalbidetu duelako, hau da, aurreikuspenen arabera euri gutxiago baina intentsitate gehiagorekin egingo du datozen urteetan eta, beraz, azpiegitura honek euri urak bildu eta erabiltzeko aukera eskainiko du", argitu du Tolosako Udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!