Tolosako liburutegiko zerbitzuak zabaldu egingo dira gaurtik aurrera

Tolosaldeko Ataria 2020ko uzt. 28a, 17:33

Egunero egongo da irekita goizez, eta asteazkenetan arratsaldetan ere bai, 16:00etatik 19:00etara bitartean.

Azken datuak oinarri hartuta, liburutegiko zerbitzuak berriz ere zabaldu egingo dira gaurtik aurrera, eta goizez irekita egoteaz gain (egunero 10:00etatik 13:30era)  asteazken arratsaldetan ere irekita egongo da, 16:00etatik 19:00etara. 

Honako zerbitzuak eskainiko dira: mailegua, informazioa ematea, liburutegiko txartela egitea eta katalogoa edo eliburutegia erabiltzeko prestakuntza. Helduentzako irakurgela irekita egongo da, eta wifia ere martxan egongo da. Irakurgela zerbitzua erabili nahi dutenek, liburuzainei eskatu beharko diete liburutegian bertan irakurri nahi duten liburua. Egunkaririk ezingo da kontsultatu eta ordenagailurik ezingo da erabili. 

Haurren eta helduen mailegu zerbitzua batera emango dira, helduen liburutegian, Aranburu jauregiko sarrerako bulegoan. Liburuak maileguan hartu ahal izateko aurrez egin beharko da eskaera katalogoaren bidez edo liburutegira deituta (943 69 74 62). Bestela bulegoko bildumatik aukeratu beharko da. Katalogoa kontsultatzeko: udala.tolosa.eus/liburutegia. 

Erabilera baldintzak

Liburutegira sartu ahal izateko derrigorrezkoa izango da maskara janztea (6 urtetik gorakoek), eskuak garbitu beharko dira gelarekin, eta markatutako ibilbidea errespetatu beharko da. Horrez gain, erabiltzaile bakoitzak bere poltsa eraman beharko du maileguak gordetzeko, eta liburutegiko txartela egin nahi duenak bere boligrafoa ere eraman beharko du. 

Liburutegira joaten diren pertsonak banaka sartu beharko dira, menpekotasunen bat dutenak edo 14 urtetik beherakoak izan ezik. Liburutegira itzulitako liburu guztiak astebeteko berrogeialdian gordeko dira berriz ere eskuragarri jarri aurretik. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!