Zazpi bikote lehen txapelaren bila

Ataria 2020ko uzt. 23a, 19:28

I. Binakako Euskal Pentatloia Tolosako zezen plazan egingo da, uztailaren 31n. Segurtasun neurri guztiekin egingo dela azaldu dute antolatzaileek.

Ikusmina sortu du azkenaldian pentatloiak herri kiroletan, eta Tolosako zezen plaza izango da modalitate horretan egingo den hurrengo pausoaren lekuko. Uztailaren 31n, 11:00etan hasita, I. Binakako Euskal Pentatloia izango da jokoan. Guztira zazpi bikote ariko dira, eta parte hartzaileen artean eskualdekoak ere izango dira: Iñaki Errazkin tolosarra eta Ibarran bizi den Xabier Orbegozo Arria V.a.

Ondorengo lana egin beharko dute kirolariek, bikoteka: 40 aldiz 100 kiloko bola altxatu, lau plaza egin giza proban, lau kanaerdiko ebaki, 50 kiloko bi txingekin 8 plaza egin, eta 4 kilometro korrika, hau da, ehun itzuli plazari. Proba bakoitzean bikoteko kide batek gutxienez %40a egin beharko du. Harri-jasotzean, adibidez, gutxienez 16 altxaldi egin beharko ditu kirolari bakoitzak. Gipuzkoako Federazioko epaileak izango dira probaren jarraipena egiten.

Antolatzaile lanetan ari den Gari Etxeberria amasarrak azaldu duenez, bikoteak "era parekatu batean" egin dituzte, "ez elkartzeko bi aizkolari edota bi harri-jasotzaile batera". Hiru txanda egingo dira, eta lehenengoan Luis Txapartegi eta Jagoba Otaegi, Julen Kañamares eta Xabier Urrutia, eta Kepa Peñagarikano eta Joxean Olaskoaga Aizperro bikoteek parte hartuko dute. Bigarrengo txandan, Beñat Amade eta Osman Drame, eta Xabier Zaldua eta Jon Gisasola Zelai V.a bikoteak ariko dira. Hirugarrenean, Xabier Orbegozo Arria V.a eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, eta Iñaki Errazkin eta Aratz Mugertza bikoteen txanda izango da.

Etxeberriak eskerrak eman dizkio Tolosako Udalari jasotako "laguntza eta babes" guztiarengatik, "bizi dugun egoeran ez delako erraza hau dena aurrera eramatea". Eskatzen diren protokolo guztiak aurrera eramateko prestatuko direla gaineratu du. "Publikoari lasai etortzeko mezua eman nahi diot, eta gure lana egingo dugula beraiek lasai egoteko", zehaztu du. Hori horrela, sarrera bakoitzaren atzean izen-abizenak jartzeko eskatu diote zezen plazara joango diren guztiei, kutsatze bat izaten bada, jarraipena egin ahal izateko. Kutxa bat izango sarreran eta bertan sartu beharko dute sarrera. Eskuak garbitzeko gelak ate guztietan izango dira, eta komunak irekita egongo dira, eta hauek aldiro garbitu eta desinfektatu egingo dira. Bestalde, eserlekuak markatuta izango dira, eta bertan eseri beharko da. Horrez gain, musukoa jantzita izan beharko du publikoak.

Prentsaurrekoan Olatz Peon Tolosako alkatea eta Joxe Mari Villanueva Kirol zinegotzia izan dira. Peonek hartu du hitza eta lehenbizi esker hitzak izan ditu: "Ezinbestean herri kirolak bultzatze honetan, proba hauek antolatzen dituzten pertsona eta elkarte guztiak behar beharrezkoak izaten dira. Egoera normalean herri kirolen bultzadak eskatzen du esfortzu bat, eta zalantzarik gabe gaur egun bizi dugun egoeran esfortzu hori are eta handiagoa da, eta kontuan izan behar da herri kirolak gure herrian bizirauteko egiten den lan ikaragarria". Segurtasun protokoloari dagokionez, Peonek gaineratu duenez, "Tolosa eta bereziki zezen plaza segurtasun eremu bat bilakatzen ari da hainbat kultur ekitaldi antolatzeko garaian, eta horrela izango da uztailaren 31n ere". Zentzu horretan "lasaitasun mezu bat" eman nahi izan du: "Proba ikusi nahi duten pertsona guztiak lasai etor daitezela zezen plazara, neurri guztiak hartuta daudelako, eta gonbita egiten dut egun horretan bertara etortzeko".

Txapelketa ikusteko sarrerak 20 euro balio ditu, eta aurretik erosi nahi dituenak eskuragarri daude Tolosako Kantabriko tabernan, Azpeitiko Mendizabal erretegian eta Aiako Izeta jatetxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!