«Dantzatzeko eta abesteko piezak jo izan ditugu, eta errepertorioaren estiloa mantendu egingo dugu»

Irati Saizar Artola 2020ko uzt. 24a, 07:59
Ion Altuna, irudiaren erdian, saxofoia jotzen.

Doinu dantzagarriak zein abestekoak entzuteko aukera izango da, gaur, 20:00etan, Plaza Zaharrean. Aurten, oholtza gainean aritu beharrean lurraren mailan eskainiko du kontzertua Tolosako Udal Musikari bandak, eta publikoa ere aulkietan eserita egongo da.

Konfinamendu osteko lehen kontzertua eta ikasturteko azkena eskaintzekoak dira, gaur, Tolosako Udal Musikari Bandako kideak. Segurtasun neurriak hartuta entsegu batzuk egiteko aukera izan dutela azaldu du Ion Altuna (Tolosa, 1987) bandako kideak. Aurten, gainera, zuzendaritzan egotea egokitu zaio eta guztia behar bezala kudeatzen aritu dira, berriro ere martxari ekin eta ikasturtea musika joaz amaitzeko.

Nola eragin dio pandemiak Tolosako Udal Musika Bandari?

Leku publikoak ixteko erabakia hartu zenean, batzordeko kideak biltzen hasi ginen egoera baloratzeko. Osasun alorrean dabilen bandako kide bat dugu, eta hark esan zigun, gauzak nola zeuden ikusita egokiena udalarekin kontaktuan jartzea izango zela. Gauzak itsusi jartzen hasi zirenez, gure aktibitatea geratzea erabaki genuen, bai entseguak eta baita kontzertuak ere.

Konfinamenduan egon zareten bitartean nola moldatu zarete musika jotzen jarraitzeko?

Ez genekien zenbat denbora iraungo zuen kontuak. Eta hasiera batean, talde bezala bideo bat muntatu genuen, ikusteko horrelakoetan ere taldea batera gaudela eta gauzak egiteko prest geundela. Gero, talde bezala beharrean, bandako hainbat kidek bai egin dituztela bideoak eta, aktibo segitzeko. Eta gainerakoak bakarka aritu gara etxean, bandako gauzak ikasi eta errepasatzen, forman mantentzeko.

Nola kudeatu duzue egoera?

Deseskalatze faseak etorri zirenean, gure aldetik hizketan hasi ginen, edozein momentutan lanean hastea tokatzen bazitzaigun ere, prestatuta egon beharko genuelako. Inguruko beste bandekin jarri ginen kontaktuan, ikusteko nola hasi ziren haiek ere lanean. Batzordeko kideak elkartu eta protokolo bat prestatzea erabaki genuen: entsegurako gelak zer baldintza bete behar zituen, musikariok zer neurri hartu behar genituen bai entseguetan eta baita kontzertuetan ere... Horretarako, prebentzio enpresa bat kontratatu genuen, azterketa bat egin zezan, eta ondoren, osatutako plan hori Tolosako Udalean aurkeztu genuen, haiek onartu zezaten, haiekin baitaukagu kontratua sinatuta. Udalak protokolo hori onartu zuenean entseguekin hasteko aukera izan genuen.

Eta nola hasi zarete entseguekin?

Normalean, musika eskolako areto nagusian egiten ditugu entseguak, eta zein aukera egon zitezkeen ikusi genuen bertan aritzeko. Egokitu egin behar izan dugu aretoa, izan ere, 60 musikari inguru gara bandan, eta bi metroko distantzia mantendu beharra genuen. Distantzia horiek hartuta, neurriak bete genitzakeela ikusi genuen eta prebentzio enpresak ere ikusi zuen posible zela. Ate batetik sartu eta bestetik atera behar izaten gara, sartzerakoan garbitasunerako produktuak erabiltzen ditugu, eta bakoitzak bere atrila eta bere aulkia du bakoitzaren izenarekin. Lekura iritsi eta instrumentua muntatu arte maskararekin jantzita egon behar izaten dugu. Eta ondoren, jotzeko garaian, kendu egiten dugu.

Gaur bertan kontzertua eskainiko duzue Plaza Zaharrean, azkenean. Zer entzun ahalko da?

Data hauen bueltan, Gau Giroko kontzertua eskaini ohi dugu urtero. Dantzatzeko edo abesteko piezak jo izan ditugu beti. Aurten, egoera berezia denez eta hartu behar ditugun neurriak direla eta, arratsaldean izango da kontzertua. Entseguetan bezala kontzertuan ere distantziak mantendu beharko ditugu. Baina errepertorioaren estiloa mantentzearen aldekoak gara; hala ere, pieza berriak izango ditugu, besteak beste, Miguel Rios, Nino Bravo, Alaska edota Ed Sheeranen abestiak. Estilo aldetik baino formatu aldetik izango da bereziagoa, izan ere, ez dugu oholtza gainean joko, lurrean ariko gara aulkietan eserita. Dantza askorik ere ezingo du egin publikoak, izan ere, haiek ere aulkietan eserita egon beharko dute.

Orain, uda nola datorkizue?

Kontzertu honekin amaitzen dugu, normalean, ikasturtea. Abuztua jai hartuko dugu eta irailean hasiko gara berriro ere entseguekin. Oraintxe bertan ez dakigu irailetik aurrera hasteko nolako aukera izango dugun. Hemendik aurrera gauzak nola datozen aztertu eta udalarekin hitzartuta daukagun agenda hori nola bete edo moldatu ikusi beharko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!