Kalera itzuli dira osasunari buruzko hitzaldiak

Tolosaldeko Ataria 2020ko uzt. 22a, 09:22

Konfinamenduan, 'Osasuna Etxean' ekimena bultzatu zuen, Asuncion Klinikak. Orain, 'Osasuna Kalean' izenarekin, Zerkausira bueltan da.

COVID-19aren pandemiak eta ezohiko egoerak eraginda, Osasuna Kalean hitzaldi sorta geldiarazi behar izan zuen Asuncion Klinikak. Urtarrilean eskaini zuen aurtengo saio bakarra, Topic zentroan. Gero, online bidez eskaintzen hasi ziren hitzaldiak, Osasuna Etxean deituriko ekimenarekin.

Orain, baina, Zerkausira itzuli dira. Hori bai, saioak entzutera joan nahi dutenek, segurtasun eta higiene neurriak bete behar dituzte. Nahitaezkoa izango da musukoa jantzita eramatea eta sartzerakoan eta irteterakoan eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea. Gainera, bertaratzen direnei tenperatura hartuko zaie eta eserleku guztiak desinfektatuko dituzte antolatzaileek. Hitzaldiak doakoak diren arren, edukiera aldetik ere muga bat ezarri da, eta gehienez, 50 lagun sartu ahal izango dira.

ALZHEIMERRA ETA ELIKADURA

Saio bakarra eskaini da oraingoz. Uztailaren 9an izan zen, eta Francisco Fasano klinikako neurokirurgia zerbitzuko medikua, gerrialdeko eta lepoko minen inguruan aritu zen.

Gaur izango da bigarren saioa. Alzheimer: prebentzioa, maneiua eta tratamendua hitzaldia eskainiko du Lucas Gomez neurologoak. Zaintza eta maneiua erraztu dezaketen berrikuntzak eta dementzien tratamenduari buruzko gomendioak azalduko ditu. «Gaur egun, sendabiderik ez badago ere, zenbait tratamendu eta ebakuntzek pertsonen eta haien zaintzaileen bizitza hobetu dezakete», diote klinikatik.

Irailaren 3an, berriz, Ariane Nuñez dietista-nutrizionistak, elikaduraren inguruko mitoei buruz hitz egingo du, dietetikari eta nutrizioari buruzko zalantzak eta bitxikeriak argituz.

Azkenik, irailaren 24an, Jesus Valero erreumatologoak itxiko du hitzaldi sorta. Dietak osteoporosian duen garrantziari buruz hitz egingo du. «Egiaztatuta dago elikadura eta osteoporosia funtsezkoak direla, bai gure hezurretan dituen ondorioak gutxitzeko, baita haustura-arriskua murrizteko ere, bizi-kalitatean kalte handia egin baitezakete», diote klinikatik. Hitzaldi guztiak 18:00etan hasiko dira.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!