935.506 eurotan murriztu da 2020ko aurrekontua

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko uzt. 22a, 09:16

Azken osoko bilkuran onartu zuen Tolosako Udalak, zenbait diru laguntza eta inbertsio publikoa mantenduta; aurreikusitako proiektu batzuek ere aurrera jarraituko dute.

2019ko likidazioa ezagutu ostean egin du 2020ko aurrekontuaren birmoldaketa Tolosako Udaleko gobernuak. Izan ere, aurrena gerakina zenbatekoa den ezagutu nahi izan da neurriak eta erabakiak hartzeko. «Oraindik ere egoera aldakorra da eta udalak gaitasuna izan behar du egungo beharrei erantzuteko, baina baita etorkizunean sor litezkeen egoera eta behar berriei erantzuteko ere», diote. Aurreikusita zeuden proiektuen artean, aurrera jarraitzen dute Emakumeen Etxeak, Laskoain kaleko eta Gernikako Arbolako birmoldatze lanek, haur parkeetakoek, eguzki panelen instalakuntzek eta Abegi zentroko obrek.

Kultur, kirol eta gizarte alorreko taldeei ematen zaizkien diru laguntzak eta inbertsio publikoa mantenduta egin da birmoldaketa, herriko taldeen eta tokiko enpresa txiki eta gremioen jarduna babestea lehenetsita. Zehazki 935.506 eurotan murriztu da aurrekontua eta kredituei izaera ez erabilgarria eman zaie, aurrera begira erabili beharko balira prozesua arinagoa izan dadin.

Onartu beharreko puntu honetan, abstenitu egin zen EH Bildu, udal gobernuaren aldetik «estrategiarik eza» ikusi zuelako. «Konpromiso handiagoa, plan zehatzagoa, norabide gehiago eta gogoeta handiagoa» eskatu zuen Aitana Amondarain zinegotziak. Horri, Olatz Peon alkateak erantzun zion: «Udal Gobernuak egiten dituen gastu eta proiektu guztiek herritarrak dituzte lehentasunezko ardatz».

Bestetik, espazio publikoa erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasetan hobariak ematea onartu da. Terrazen kasuan, %50ekoa aplikatu zaie ostalariei, eta ez dute espazio handiagoa erabiltzeagatik gehiago ordaindu beharko. Azokan, %100ekoa izango da 2. eta 3. hiruhileko kuotan, eta % 50ekoa urte osokoan.

Gainera, herriko parke, lorategi, berdegune eta kaleko zuhaitzen mantentze lanen zerbitzu-kontratuak luzatu eta berrikusiko ditu udalak, baita 2020ko zergak eta udal zuzenbide publikoaren bestelako sarrerak kudeatzeko eta biltzeko ordenantza orokorrak edota 2020ko zerbitzu publikoak eskaini eta jarduerak burutzeagatiko tasen ordenantza fiskalak aldatu ere.

Azkenik, ondasun higiezinen, hondakinen eta terrazen tasa nahiz zergak ordaintzeko borondatezko epeak atzeratu ditu udalak, herritarrei ahalik eta erraztasun gehien emateko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!