"Batera egindako ibilbidea oso polita eta aberasgarria izan zen"

Leyre Carrasco 2020ko uzt. 21a, 19:58

Musikari afizioz eta udaltzain ofizioz. Manent taldeari agur esan, eta gaur egun Fantastica izeneko musika proiektuarekin martxan jarri da tolosarra.

Denis Ruiz tolosarrak sona lortu zuen Manent euskaraz abesten zuen pop elektroniko taldearekin. 2008an sortu zen taldean abeslari aritzen zen eta gitarra ere jotzen zuen. 2010. urtean, Barrutik izeneko diskoaren ostean eman zioten bukaera ibilbideari. Musika mundua ez du erabat utzi hala ere, Txaston Dixie Band Tolosako jazz taldearen abeslaria da eta Fantastica izeneko proiektuarekin ere badabil.

Manent taldeak sona lortu zuen 2008 urte inguru hartan. Nola gogoratzen dituzu urte haiek?

Oso esperientzia polita izan genuen, lagun onak egin genituen eta ederki pasa genuen.

'Barrutik' diskoa atera, eta Manent desagertu zen... bakoitza bere proiektuetan hasi zen behar bada?

Bai, bakoitza bere proiektuekin eta bere kasa hasi zen.

Nola gogoratzen duzu taldearen ibilbidea?

Ondo. Batera egin genuen ibilbidea oso polita eta aberasgarria izan zen, eta elkarrekin ederki pasa genuen.

Musikaren munduan urte asko eman dituzu. Gaur egun ere aritzen al zara?

Bai, gaur egun jazz talde batean nabil abesten, Txaston Dixie Band talde tolosarrean, hain justu. Noizean behin bolo batzuk egiten ditugu eta ederki pasatzen dugu. Gainera, beste disko bat ere grabatu dugu, gazteleraz. Hori bai, koronabirusaren eraginez oraindik ezin izan dugu argitaratu. Beraz, oraindik pixka bat itxaron beharko dugu.

Musikari afizioz, eta udaltzain ofizioz... Oso mundu desberdinak ezta?

Bai noski, baina begiratzen diozun ikuspegiaren arabera erlazioa dutela ikusiko duzu.

Zein musika entzuten duzu gaur egun?

Gaur egun indie pop-a edo indie rock-a bezalako musika dezente entzuten dut. Orain modan dagoen generoa da eta egia esan asko gustatzen zait.

Nola ikusten duzu musika panorama, kultura mundua oro har?

Kultur munduan eskaintza handia dagoela esango nuke, eta eskaintza horren barruan musika kategoria asko dago; musika oso ona, baina baita txarra ere. Nire ustez, kulturalki beherakada txiki bat egin duela musikak ikusten da, eta komertzial aldetik musika produktu bezala gehiago saltzen dela, adibidez gaur egun reality show-ak eta abarreko horiekin.

Beherakada kulturala aipatu duzu. Non sumatzen duzu adibidez?

Gaur egun musikariek aurrera ateratzeko edo beraien lanak aurrera ateratzeko egin behar dutenean, hau da, autoekoizpenak edo horrelakoetan. Beraien aldetik egin behar dute lan guztia, geroz eta laguntza gutxiago baitago kulturari jarri dioten eragozpenekin. Gaur egun ez zaio garrantzi handia ematen kulturari, ez musika arloan, ez beste edozein arloetan ere.

Fantastica proiektuarekin ere ari zara. Zer helburu du?

Helburua betikoa da. Musika egin, aurkeztu eta nahi duenak entzun eta goza dezala.

Zer da letren atzean gorde edo kontatzen duzuena?

Denetik, Fantastica-ko letrek gehien bat giza egoeraz hitz egiten dute. Bertan feminismo kutxu handi bat dago eta gaur egungo arazoak jorratzen ditu. Nahiko humanista da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!