Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak atzo jakinarazi zuenez, sei dira Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidente izateko hautagaiak. Juan Luis Ibarrak erretiroa hartu zuen joan den ekainaren 21ean, eta, behin-behinean, Garbiñe Biurrun ari da hura ordezkatzen. Biurrun bera da kargurako hautagaietako bat, eta beste bostak Maria Mercedes Guerrero, Edorta Josu Etxarandio, Antonio Garcia, Ignacio Subijana eta Luis Angel Garrido dira.
Hautagaiek, hasteko, curriculumak aurkeztu beharko dituzte. Gainera, proiektu bat osatu beharko dute, eta hori Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aurrean defendatu beharko dute. Erakunde horrek izango du azken hitza.
Hautagaiei dagokienez, EAEko Auzitegi Nagusiko presidentetza behin-behinean hartu aurretik, Biurrun auzitegi bereko gizarte arloko presidentea izan da azkeneko 11 urteotan. Guerrero Arabako Probintzia Auzitegiko presidentea da; Etxarandio magistratua da Nafarroako Probintzia Auzitegian; Garcia epailea da EAEko Auzitegi Nagusiko arlo zibileko eta zigor arloko salan; Subijana presidentea da Gipuzkoako Probintzia Auzitegian; eta Garrido EAEko administrazioarekiko auzien salako presidentea da.