Koronabirusa

Beotibarren egindako 631 probetatik bakarrak eman du positibo

Ataria 2020ko uzt. 17a, 16:30

Osakidetzak, gainera, frontoian kokatutako gune berezia kendu du. Egoeraren jarraipen "estu-estua" egiten ari direla adierazi du Olatz Peon alkateak, eta azken egunotako urduritasun eta informazio okerren harira, alkateak lasaitasun mezua helarazi nahi izan die herritarrei.

Azken 24 orduetan Tolosan beste 3 positibo zenbatu badira ere, Olatz Peon Tolosako alkateak goizean adierazi duenez, soilik kasu bakarra da Beotibar frontoian ezarritako gune berezian egin diren 631 PCR probetatik atzemandakoa. "Nahiz eta datuen arabera hedapen komunitariorik ez dagoela dirudien, oraindik ere, kasu positiboak daude herrian, eta beraz, ezinbestekoa da zuhurtziaz jokatzen jarraitzea".

Osakidetzak, gainera, Beotibarren kokatutako gune berezia kendu du, proba egitera deituak izan diren edota bertara gerturatu diren herritarrei dagoeneko egin dizkietelako PCR probak. Edozein kasutan, herritarrek sintomak edota zalantzak izanez gero, orain arte bezala, anbulategira jo dezakete, 943 00 68 00 telefono zenbakira deituta. Momentuz, ordutegia zabaldu da 17:00ak arte.

Egoeraren jarraipen "estu-estua" egiten ari direla ere adierazi du Peonek, eta datozen egunetan ere, Osasun Sailarekin eta Nekane Murga Osasun Sailburuarekin "hartu-eman zuzenean" izango direla gaineratu du, "egunean eguneko datuak aztertzeko eta bilakaera zein den ikusteko".

Herrian jarduera bera normaltasunez mantendu daitekeela ere esan du, "betiere ezarrita dauden osasun eta segurtasun neurri guztiak errespetatzen eta jarraitzen badira". Prebentzio modura eta datuak oinarri hartuta, mantendu egingo dira udalak hartuko neurriak, egoera erabat kontrolpean egon arte.

Zuhurtzia, elkarlana eta erantzukidetasuna

Azken egunotako urduritasun eta informazio okerren harira, alkateak lasaitasun mezua helarazi nahi izan die herritarrei: “Zuhurtzia beharrezkoa da, alarma sortzeak egoerari ez diolako mesederik egiten; azken egunotan ikusi dugu informazio faltsuek zenbaterainoko kezka eta larritasuna sor dezaketen herrian, horregatik tolosarrei eskatzen diet erakundeetatik jasotako informazio ofiziala jarraitu dezatela. Sare sozialak oso ondo daude informazioa jasotzeko, baina horrelako egoeretan ere modu arduratsuan jokatzea garrantzisua eta ezinbestekoa da”.

Bestetik, zuhurtziaz eta erantzukidetasunez jokatzeko deia ere zabaldu du: “Ez gaitezen lasaitu, jarraitu ditzagun neurriak eta errespetatu ezarritako jarraibideak, guztiongatik, aurrera pausoak eman ditzagun. Neurriak errespetatzen baditugu, birusaren hedapenari aurre egiteko gai izango gara, eta jarduera oro segurtasunez mantentzeko eta gauzatzeko gaitasuna izango dugu”.

Azkenik, guztion ongizatea "jokoan" dagoela ere adierazi du. “Orain arduraz jokatzen ez badugu, ondorioak larriagoak izan daitezke, orain prebentzio neurriak hartu ditugu, baina egoera larritzen bada, neurriak zorrotzagoak eta ondorioak okerragoak izango dira. Herria bizirik mantentzeko, elkar babestu behar dugu”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!