Zerkausiko terraza, herritarrentzat zabalik

Tolosaldeko Ataria 2020ko uzt. 17a, 16:09

09:00etatik 22:00etara egongo da zabalik, herritarrek aisialdirako edota lasai egoteko espazio gehigarri bat izan dezaten. Herriko eremuen eta horien erabileraren azterketa egin ondoren, gune publikoak antolatu ditu udalak herritarren eskura egon daitezen. 

Koronabirusak eragindako itxialdia amaituta, herriko guneen azterketa egin du udalak, aisialdirako guneen erabilera zehazteko eta guneen erabilera antolatzeko. Tolosar guztiek, modu seguruan, herrian bertan udaz gozatu ahal izatea da azterketa horren helburu nagusia, jende pilaketak ekidinez eta gune ezberdinak erabiltzeko aukerarekin. Horrela, Zerkausiko terraza zabaltzeko erabakia hartu da. 09:00etatik 22:00etara egongo da irekita, eta ordutegi horretatik kanpo ezingo da bertara sartu.

Egoerak hala behartuta, prebentzio eta segurtasun neurri guztiak hartuta ireki da eremua. Jakina denez, Covid-19agatik garbiketa lanak areagotu egin dira espazio publikoetan eta Zerkausiko terraza zabaldu aurretik garbiketa plana garatu du udalak, herritar eta erabiltzaile guztien segurtasuna bermatzeko. Ondorioz, sakonki garbitu eta desinfektatu da.

Horrez gain, segurtasun gomendio orokorrak jarraitzea ezinbestekoa izango da bertan, herriko gainerako guneetan bezala. Udalak kartelak jarriko ditu jarraitu beharreko neurriekin sarrera eta irteeretan. Musukoa erabiltzea derrigorrezkoa da eta gainerako neurri guztiak errespetatzea eskatzen da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!