Bizitza bat panpinen hari artean

Aitor Arroyo Askarai 2020ko uzt. 17a, 14:00

1971n hasi zen txotxongilolari lanetan Enkarni Genua donostiarra. Egun, oholtza gainean jarraitzen du eta ez du uzteko asmorik. Manolo Gomez, senarra, bidelagun izan du, Txotxongillo Taldea sortu zutenetik.

Txotxongiloak egiteko hiru gauza behar dira: gogoa, prestakuntza eta jendeak gure lanarekiko interesa edukitzea». Horrela hitz egin du Enkarni Genua (Donostia, 1942) txotxongilolariak bere lanbidearen inguruan. Datorren urtean 50 urte beteko dira oholtza gainera lehen aldiz igo zenetik. Noiz erretiratuko den «jende askok» galdetu omen dio, baina, osasun arazorik eduki ezean jarraitzeko asmoa duela azaldu du. Datorren asteetan ikuskizunak egitekoa zen Euskal Herriko hainbat herritan, baina COVID-19ak sortutako alarma egoera dela eta, atzeratu egin behar izan ditu guztiak.

1971n egin zuten lehen emanaldia, eta ordutik, bidelagun izan du Manolo Gomez senarra. Bien artean sortu zuten egun jardunean jarraitzen duen konpainia: Txotxongillo taldea. Egindako bidea senarra gabe «imajina dezakeela» esan du Genuak, baina hori «beste bizitza bat» izango litzatekeela ere gehitu du. Beraien seme-alabak Donostiako Jakintza Ikastolara bidali zituzten ikastera, eta garai berean hasi ziren euskara ikasten txotxongilolariak. Lehen ikuskizuna ikastola horretan egin zuten, jaialdi batean.

Bikote ausarta zirela uste du Genuak, euskararen «gutxieneko ezagutza batekin» egin baitzuten lehen saio hura. Haurrak, gurasoak eta irakasleak bildu ziren emanaldi hartan, eta ahoz ahokoa bide, berehala egin zen ezagun txotxongilolari bikote hasi berria: «Seme-alabak beste ikastola batean zituen irakasle bat ari zen saioa ikusten. Segituan, beste ikastetxe hartatik ere deitu ziguten; eta berehala, publizitaterik egin gabe, jendea etengabe deika hasi zitzaigun. Txotxongiloak euskaraz egiten genituen. Nobedadea zen hura».

Hasi ziren garaian edozein txotxongilo emanalditara joaten zirela kontatu du Genuak, eta «onerako, zein txarrerako» guztietan ikasten zutela zerbait: «Batean, atsegin ez genuen zerbait ikusi eta hori ez genuela egin nahi ikasten genuen. Bestean, berriz, txundituta geratzen ginen txotxongilolarien trebeziarekin, eta haiek imitatzen saiatzen ginen».

Gaur egun txotxongiloen arloan gazte gutxiago dagoela uste du titiritero donostiarrak. Azaldu duenez, bada hastera animatzen denik, baina, beste lan edo diru iturri finkoago bat topatzen dutenean, albo batera uzten omen dute txotxongilogintza. Jendeak segurtasuna bilatzen duela eta hori «erabat ulergarria» dela ere iritzi dio Genuak. Egoera ez dela txarra gehitu du, eta etorkizunarekiko baikor agertu da. Egun, Interneten eraginez, ikastaro eta jaialdien berri jakitea askoz errazagoa ei da; eta zentzu horretan, garai bateko testuingurua gogorragoa zela nabarmendu du. Bestalde, artisten prestakuntzan emanaldietara joateko aukera edukitzea eta ikastaroak egitea ere garrantzitsua dela azaldu du, eta bide horretatik, Tolosan antolatzen duten txotxongilo jaialdia «oso interesgarria» izaten dela.

Panpinak sortzeko prozesuaz ere aritu da. Lehenik eta behin, kontatu nahi den istorioa aukeratu behar omen da; eta pausorik garrantzitsuena hori dela nabarmendu du: «Atsegin duzun ipuin bat aukeratu behar duzu. Behin istorio hori maite duzunean eta kontatzeko irrikaz zaudenean, nola kontatu pentsatu beharko duzu. Ezin da lehenengo panpina egin eta gero harentzat istorioa; kontakizunak baldintzatzen du txotxongiloa». Taldearen obretan hori bera islatzen da, besteak beste, Itsasminez ipuinean eszenatoki osoa itsaso bihurtzen baitute; eta Altxor bat patrikan antzezlanean, berriz, jaka baten poltsikoetara mugatzen da panpinen agertokia.

Teknika ezberdinak erabiltzen ditu Txotxongillo taldeak obraren arabera: batzuetan argiak eta itzalak erabiltzen dituzte istorioko pertsonaiak sortzeko, eta besteetan, berriz, trapuzko izakiak izaten dira protagonistak; beraiek eskuz sortutakoak dira erabiltzen dituzten panpina guztiak. Txotxongilogintza «etengabeko ikaste prozesua» dela esan du Genuak, eta emanaldi bakoitzak lanketa propioa eskatzen duela: «Ez dago txotxongiloak nola eraiki azaltzen duen gidalibururik. Ipuin batean hegan egiten duen txori bat baldin badago, zuk asmatu beharko duzu hegan egiteko gai den panpina bat. Emanaldiak eta tailerrak oso baliagarriak dira, baina okerrak egitea eta saiatzen jarraitzea da ikasteko bidea».

Lanean, aurrean zein atzean

Bere bizitzako hainbat urte eskaini dizkio Enkarni Genuak jendaurrekoari, eta bitartean, hainbat proiekturen antolakuntzan ere aritu da. Besteak beste, Tolosako Titirijai nazioarteko txotxongilo jaialdiaren lehen edizioaren antolaketan lagundu zuen, eta aurrerago, herri berean Topic, Nazioarteko Txotxongilo Zentroa irekitzeko ere aritu zen lanean.

Komunean zituzten lagun batzuk bide jakin zuen Tolosan txotxongilo jaialdi bat egin nahi zutela; senarra eta biak laguntzeko prest azaldu ziren lehen momentutik eta antolatzeari ekin zioten. Hainbat kidek osatu zuten lantaldea, beste hainbaten artean, Miguel Arretxek, Idoia Otegik, Txetxu Gaztañagak eta Sole Erbitik. «Tolosako jendeak Colorin bakarrik ezagutzen zuen. Guk ekarri genuen konpainia bakoitzak gauza oso ezberdin bat eskaintzen zuen eta hori publikoari asko gustatu zitzaion». 1983an egin zuten jaialdi hartan bost txotxongilo taldek hartu zuten parte eta «izugarrizko arrakasta» eduki omen zuen herrian.

Lehen edizioaren harrera ona ikusita, hurrengo urtera begira jarri ziren antolatzaileak eta berehala otu zitzaien txotxongilo museo bat sortzeko ideia. Proiektua burutzeko tokia lortu orduko, txotxongiloak pilatu egin zitzaizkiela oroitu du titiritero donostiarrak: «Ahoz ahokoarekin jendeak gure ideiaren berri eduki zuen eta, berehala, panpinak bidaltzen hasi zen. Toki guztietako txotxongiloak bidaltzen zizkiguten, oraindik museoa ez zenean existitzen!».

Azaldu duenez, ez zen erraza izan egoitza egoki bat bilatzea, hainbat baldintza bete behar baitzituen: agertokia egiteko tokia edukitzea, museoa jartzeko egokia izatea… Baina azkenean, «jendearen ilusioarekin eta lanarekin», lortu zutela gogoratu du: «Prozesu luzea izan zen, baina aurrera egiteko gogo handia genuen. Hainbat lokal ikusi ondoren, azkenean, Tolosako kartzela zaharra iritsi zen; eta gaur egun hor dago Topic [Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa]».

Sormena eta moldatzeko gaitasuna

Guztira 26 antzezlan estreinatu ditu titiritero bikoteak. Hiru iturri ezberdin erabili dituzte istorioak osatzeko garaian: ipuin unibertsalak, adibidez, Printze txikiaren egokitzapena; beraiek asmatutakoak, Ipurtargi obra kasu; eta euskal mitologian oinarritutakoak, esaterako, Joxe Miel Barandiaran antropologoak jasotako ipuin herrikoi batean oinarritutako Sugea, gizona eta azeria istorioa.

Genuak azaldu du ipuin bat kontatzekotan, maitatu egin behar duela istorioa; behin hori betetzen denean, edozein gauzarekin egiten omen du lan. Dena dela, sortu dituzten ipuin guztien artean, berarentzat kutunena Erreka Mariren istorioa dela aitortu du. 1978an estreinatu zuten obra eta «modaz pasatzen ez den» testu bat delakoan dago: «Naturarekiko eta pertsonekiko eduki behar den errespetua eta maitasuna ukitzen ditugu. Istorioko herritarrek ez dute Erreka Mari maite, ezberdina delako. Hori, tamalez, oraindik gertatzen den gauza bat da».

Euskal Herriko azken lamiaren istorioa eman duten «onenetako bat» dela uste du Genuak: «Batzuetan artistak halako inspirazio momentu bat eduki eta asmatu egiten du; bereizgarria den obra bat sortzen du. Guk Erreka Marirekin betiko asmatu dugu. Gure izarra da». Urteetan zehar, egokitzapenak egin dizkiote obrari eta muntaia ezberdinak erabiltzen dituzte emanaldia egingo duten tokiaren arabera.

Bere ibilbidean, publiko eta formatu ezberdinetara moldatu ditu beste hainbat ipuin ere, besteak beste, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin [EOS] El retablo de maese Pedro obra interpretatu zuten; Donostiako Musika Hamabostaldian Printze txikia ipuinaren moldaketa bat egin zuten eta Anne Landa soinu jotzailearekin ere aritu dira. Genuak azaldu duenez, «luxu bat» izan da «maila horretako musikariekin» lan egitea, eta modu batean edo bestean, beti saiatzen omen da emanaldiak zuzeneko musikarekin egiten. 

Haurrekin trebe

Txotxongilogintzan hasi zenetik, umeen aurrean aritu da Enkarni Genua, eta ez du publikoz aldatzeko asmorik adierazi: «Helduentzako txotxongiloa interesgarria iruditzen zait, baina estiloa erabat ezberdina da. Umeekin oso ondo moldatzen naiz, eta gustura nago; komunikazioa beste mota batekoa da. Zergatik ez dudan helduekin lan egiten? Ez dudalako nahi».

Hainbat ikastetxetan unitate didaktikoak lantzeko, berak idatzitako ipuinak erabiltzen dituztela eta, horrek «ikaragarri» pozten duela ere kontatu du. Bestalde, jardunean daramatzan urteetan haurren adin tartea murriztu egin delakoan dago. Azaldu duenez, lehen, gutxi gorabehera, hiru eta hamabi urte arteko haurrak joaten ziren emanaldietara; egun, berriz, ume zaharrenak zortzi eta hamar urte bitartekoak izaten omen dira. Dena dela, haurrek txotxongiloekin «konplizitate bera» edukitzen jarraitzen dutela uste du Genuak: «Umeak sinetsi egiten du oholtza gainean gertatzen dena. Modu berezi batean gogoratzen dute txotxongiloekin ikasitakoa. Baina, gaur egun, haurrek berezkoa duten xalotasun hori askoz lehenago galtzen dute».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!