Gaur beste 6 positibo berri zenbatu dira herrian, baina atzo egindako 200 PCR guztiek negatibo eman dute, Osasun Sailaren arabera. Gaur, 800 PCR proba egingo dituzte guztira.
Olatz Peon Tolosako alkateak azaldu duenez, "atzoko 200 probetatik ez dago kasu positiborik, itsura batean beraz, badirudi ez dagoela transmisio komunitariorik, baina proba gehiagoren zain geratu beharko dugu; hasierako foku horretatik eratorritako kasuak dira gaur gehitu direnak, baina, era guztietara, prebentzio neurriak areagotzea erabaki dugu hedapenik egon ez dadin". Guztira, Tolosan, 28 dira positibo eman duten herritarrak.
Gaur eguerdian egindako agerraldian kazetari batek taberna zehatz bati buruz galdetuta honakoa esan du alkateak: “Lehen transmisioa Ordiziatik etorri zen, eta egunak pasa ahala, gainera, positibo gehiago agertu dira. Handik sareetan notizia zabaldu da, non taberna bateko zerbitzari batek positibo eman duela eta balitekeela taberna horretan ibili diren pertsona guztiak kutsatuta egotea. Orduan sortu zen alarma hori. Atzo ezin zen baieztatu transmisio hori egon zenik, ez zegoelako daturik esateko taberna horretan positibo kopuru bat zegoenik, baina emandako datuen arabera, badirudi ez dagoela”.
Udalak dei egin die herritarrei, esanez, kezkatuta eta zalantzan dauden herritar guztiek egin dezaketela PCR proba, eta horretarako anbulatoriora deitu behar dutela, 943 00 68 00 zenbakira.
Neurri berriak
Osasun Sailak agindu bat argitaratuko du arratsaldean, eta beraz, Ordizian hartutako neurri berberak indarrean jarriko dituzte Tolosan ere. Era berean, agindu horiek kontuan hartuta, udalak honako neurriak jarriko ditu indarrean bihartik aurrera:
- Ostalaritza: edukiera %50era murriztuko da eta ordutegia 23:30era mugatuko da. Ezingo da barran kontsumitu, soilik eserita bai kanpoan, eta baita barruan ere.
- Usabal eta Berazubi: gimnasioak itxi egingo dira, dagoeneko spa eremua itxita dago eta soilik bakarkako kirola egin ahal izango da. Kanpoko igerilekua soilik egongo da zabalik.
- Gazte lokalak eta udalekuak: gazte lokalak itxi egingo dira eta horien jarraipena egingo da; erabiliz gero isunak jarriko dira. udalak auzolandegiak mantentzea erabaki du transmisio arriskurik ez dagoela ziurtatu ostean. Gainerako aisialdi taldeekin harremanetan dago udala eta begiraleren bat probak egitera deitua izan bada, emaitzak izan arte bakartuta egongo da.
- Liburutegia eta kultur etxea: liburutegian soilik mailegu zerbitzua eta txartelak egitekoa mantenduko da. Kultur etxean ezingo dira bilera gelak erabili eta bi kasuetan, bertaratzeko aurretiazko zita eskatu beharko da.
- Kultur ekitaldiak: astebururako aurreikusiak zeuden kultur ekitaldiak, besteak beste, txotxongilo emanaldia eta Don Inorrez taldearen kontzertua, atzeratu egingo dira eta ez dira asteburu honetan egingo.
- Azoka: mantendu egingo da, osasun eta segurtasun neurri guztiak mantenduta, baina Alondegia plazako postuak Triangulo plazan jarriko dira.