Frantziar Pirinioetara, Oargi Mendi Elkartearekin

Ataria 2020ko uztailaren 16a

Uztailaren 24tik 26ra bitarte mendi irteera antolatu du Oargik; astelehena bitarte dago izena emateko aukera. Igoerak nahiz jaitsierak egiteko beharrezko materiala eramatea gomendatzen dute.

Uztailaren 24an, ostirala, aterako dira Tolosatik, eta Pueyo de Jaca herrian dagoen aterpera joango dira. Bertan igaroko dituzte asteburuko bi gauak. Larunbatean, hilak 25, Midi d'Ossau mendia igoko dute. Horretarako, III. graduko igoera egingo dute, eta elkartetik adierazi dutenez, egun guztia igaroko dute horretan. Igandean, berriz, Portalet inguruko mendi bat igoko dute, eta arratsaldean etxera itzuliko dira.

Oargi Mendi Elkartetik adierazi dutenez, joan nahi dutenek beharrezkoa izango dute lo zakua, kaskoa, jaitsierarako gailuak eta sokak, eta soka-muturra edo lotailua eramatea. Irteeran parte hartzeko asmoa dutenek, astelehena 20 baino lehen eman behar dute izena, oargimendi@gmail.com helbidera idatziz edota 688 698 642 telefono zenbakira deituz.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!