Tolosan antzeman diren kasu positiboen eta hauek izan dezaketen ondorioen inguruan hitz egin dute biek. Tolosari dagokionez, 0 kasua, Ordiziako proben ondorioz atzeman zela adierazi du Murgak. Hortik aurrera, proba gehiago egin dizkiete senitarteko eta gertukoei. Gainera, sintomak zituela eta, proba bat egin zaion beste kutsatu bat ere izan da. "Gaur jakinarazi ahal izan dugu kutsatze komunitario bat posible zela. Kutsatutako pertsonek beste pertsona batzuei transmititzen ari direla jakin ahal izan dugu, senide edota gertuko norbait izan gabe ere. Hori dela eta, gaurtik aurrera dispositibo berezi bat ezartzea erabaki da, eta horrela, kutsatze hori komunitarioa den eta herritar asko inplikatu dituen ala ez baieztatuko dugu”.
Taberna jakin batean gertatu zitekeen galdetu ondoren, aukera hori ikertzen ari direla aitortu du Osasun Sailburuak. Taberna horretan uztailaren 10etik 14ra egon ziren herritarrek proba egiteko hitzordua eskatu dezatela ohartarazi du. "Bihar ere probak egiten jarraituko dugu, eta hitzordu eskaerek goranzko joera izanez gero, errefortzuak ezarriko ditugu". Guztira, 300 PCR proba egin dituzte gaur, eta bihar 800dik gora egitea aurreikusten dute. Gainera, herriko osasun zentro eta adinekoen egoitzetan ere probak egiten jarraitzen dute.
Bestetik, udalak ezarriko dituen neurri berrien inguruan, bihar prentsaurrekoa egingo dutela adierazi du Peonek. Neurri bereziak ezarri ditzaketela aurreratu du. "Egoera berri honek eragina izango du hainbat eremutan. Bihar, bilera bat egingo dugu udala ordezkatzen dugun alderdi politiko guztiek, herriari aho batez onartutako neurrien berri eman aurretik. Tolosako fokua Ordizikoaren ondoren etorri da, eta bertan ere zenbait neurri hartu ziren. Ostalaritzan, esaterako, ordutegiak mugatzea edota edukiera zaintzea. Udal zerbitzuak ere gainbegiratu behar dira, baita udalekuak zaindu ere bai. Gaur lanean jarri gara, baina bihar gai guzti horien inguruan hitz egiteko bilduko gara".
Isunak, musukorik gabekoentzat
Osasun Sailburuak aurreratu duenez, isunak egongo dira musukoa jantzita eramaten ez dutenentzat, eta legeak ezarritakoaren araberakoa izango da diru kantitatea. "Herritar guztien osasuna bermatzea da garrantzitsuena, eta hori da horretarako modurik egokiena". Bestelako neurriak ere gogortu daitezkeela ere adierazi du, baina gaineratu du horiek eguneroko datuek izaten duten bilakaeraren araberakoak izango direla.