Udalaren eta Osasun sailaren arteko harremana "zuzena eta estua" izaten ari dela jakinarazi dute udaleko iturrietatik, azken egunotan herrian atzeman diren kasu positiboen harira.
Gaurko 8 kasu berriekin, dagoeneko 22 pertsona dira COVID-19agatik positibo eman dutenak Tolosan. Udalak onartu du, atzo arte kontrolpean izan dela positibo eman duten herritarren taldea, "baina hedapena zabaltzen ari dela frogatu da". Positibo eman dutenekin harremanetan egon diren pertsonen zerrenda osatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak eta haiei proba egiteko gune berezia prestatu du Beotibar frontoian. Zerrenda osatzen duten pertsona horiei hitzordua emateko Osakidetzatik deitu zaie eta 16:00etatik aurrera probak egiten ari zaizkie. 20:00ak arte egongo dira probak egiten.
Ilara luzeak sortu dira eta bertan batez ere, jende gaztea bildu da. Horietako batek baino gehiagok baieztatu diote ATARIA-ri Whatsapp bidez iritsitako mezu bat medio hartu dutela proba egiteko hitzordua. Mezuan Tolosako taberna jakin batean pasa den larunbatean egon zirenei anbulatoriora deitzeko eskatzen zitzaien, PCR probak egiteko. Eta gazteetako batzuk behintzat horixe egin dute gaur, arratsaldean Beotibarretik pasatzeko hitzordua jaso dutelarik.
Lasaitasunerako mezua
Protokoloa martxan jarri du Osasun sailak birusaren hedapena mugatu eta kontrolpean izateko eta egunez egun datu berriak jakinaraziko direla esan du udalak. "Beharrezkoak diren PCR probak egingo dira, kasu positiboekin harremanetan egon diren herritarren artean" esan du Tolosako Udalak ohar batean.
Udaletik lasaitasun mezua helarazi nahi izan zaie herritarrei: "Kezkatuta egotea normala da eta zuhurtziaz jokatzea ezinbestekoa da, baina larrialdi egoerak ekidin behar ditugu, egoera kontrolpean dago eta positibo eman duten pertsonek edota arriskuan egon direnek emaitzak jaso bitartean etxean egon behar dute", azaldu du Olatz Peon alkateak. Gainerako herritarrei ere zuhurtziaz, arduraz eta elkartasunez jokatzen jarraitzeko eskaera egin die alkateak.
Musukoa derrigorrezkoa gaurtik aurrera
Osasun sailburuak gaur jakinarazi duenez 00:00etatik aurrera derrigorrezkoa izango da musukoaren erabilera. Musukoaren erabileraz harago, udaletik gogorarazi dute behar beharrezkoa dela prebentzio neurriak errespetatzea, eskuak maiz garbitzea eta jende pilaketak ekiditea. "Guztion ardura da neurriak errespetatu eta kutsatze berriak ekiditea".