Tolosako adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroan negatibo eman dute egoiliarrek eta langileek

Ataria 2020ko uztailaren 15a

Gipuzkoako Foru Aldundiak neurriak areagotu ditu Tolosa, Getaria eta Zarauzko adinekoen egoitza eta eguneko zentroetan. Hala, adinekoen egoitzetan irteerak etetea erabaki dute, eta eguneko zentroak aldi baterako ixtea erabaki dute.

Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak jakitera eman duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak Tolosako, Getariako eta Zarauzko adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako talde arduradunekin koordinatuta, neurriak areagotu dituzte. Tolosako Iurreamendi eta Uzturre adinekoen zentroetan irteerak aldi baterako etengo dituzte, eta Uzturre eguneko zentroa ere itxi egingo dute aldi baterako. Tolosako zentroez gain, Zarauzko Santa Ana egoitzan eta Getariako eguneko zentroan ere neurri berdinak iragarri dituzte. Bisitei dagokienez, diputatuak esan duenez, "prebentzio eta segurtasun neurri guztiak zorroztuz" egin ahal izango dira.

Diputatuak gogorarazi duenez, Iurreamendi egoitzan, pasa den astelehenetik, uztailak 6, irteerak etenda daude, "bertan bizi baitira orain Ordiziako San Jose egoitzako erabiltzaile asko, birmoldaketa lanak egiten ari direlako han". Tolosako eta Zarauzko zentroetan etenaldiak "egoera epidemiologikoak ahalbidetzen duenera arte" luzatuko direla azaldu du.

Diputatuak gehitu duenez, "Goierriko eta Tolosako egoitzetan ez dago COVID-19rik", erabiltzaileei eta zentroetako langileei PCR probak egin ondoren. DYArekin lankidetzan, 940 PCR proba egin dituztela uztailaren 7an hasita adierazi dute aldunditik, "Osasun Sailak Ordizian atzemandako COVID-19 agerraldia ezagutu ostean". Egindako proba guztiek emaitza negatiboa eman dute. Probak Beasaingo Arangoitin, Lazkaoko Txindokin, Segurako San Juanen, Zumarragako Argixaon, Legazpiko Santikutzen, eta Tolosako Iurreamendin eta Uzturren egin dituzte. Datorren astean, gauza bera egingo dutela Zarauzko egoitzan baieztatu dute.

Maite Peñak gogorarazi duenez, "detekzioan eta erantzunean azkartasuna ezinbestekoak dira birusaren hedapenari aurre egiteko", eta, gaineratu duenez, "neurrien helburua da birusaren eraginen aurrean ahulenak diren pertsonen ongizatea zaintzen jarraitzea, ikusezina dena, azkar transmititzen dena eta oso gogorra adineko pertsonen artean". Halaber, diputatuak azpimarratu duenez, "osasun arloko agintariekin harremanetan jarraituko dugu eta Gipuzkoa osoko egoerari adi, neurri gehigarriak hartzeko edota oraingoak egokitzeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!