16.000 euro Bedaioko baserrietara Internet zerbitzua hedatzeko

Tolosaldeko Ataria 2020ko uzt. 14a, 17:00

Bedaioko bizilagunek gutxieneko kalitatezko baldintzak betetzen dituen Internet zerbitzua eduki ahal izateko diru laguntza lerro bat onartu du Tolosako Udalak. Etxebizitza bakoitzeko, gehienez, 400 euroko laguntza jaso ahal izango da.

Banda zabal bidezko Internet zerbitzua ez duten Bedaioko baserrietara Internet zerbitzua hedatzeko diru laguntza lerro bat onartu du Tolosako Udalak. Diru laguntza hauen bidez, Bedaioko bizilagunek gutxieneko kalitatezko baldintzak betetzen dituen Internet zerbitzua eduki ahal izatea bermatu nahi du udalak, eta hala, etxe bakoitzean instalatu behar diren azpiegituren kostuaren zati bat bere gain hartuko du. 16.000 euroko laguntza lerroa sortu da horretarako.

Covid-19ak eragin duen egoerari erantzuteko udalak hartu dituen neurrien artean dago diru laguntza hau. Udaletik adierazi dutenez, Bedaioko Internet sarearen gabeziak are nabarmenagoak izan dira Covid-19ak eragin duen osasun larrialdi eta itxialdi egoeran, eta egoera hori arindu asmoz, martxoaren 14tik aurrera eta azaroaren 31ra bitartean egingo diren instalazioen kostua ordaintzera bideratuko dira laguntzak.

Etxebizitza bakoitzeko jaso daitekeen diru laguntzaren gehieneko kopurua 400 eurokoa izango da, eta udalak soilik irrati bidezko Internet zerbitzua erabili ahal izateko oinarrizko azpiegituraren instalazioaren kostua finantzatuko du. Ez du bere gain hartuko ez azpiegitura honen mantenurik, ezta Interneteko hornitzaileei ordaindu beharreko kuotarik.

Diru laguntza jaso ahal izateko derrigorrezkoa izango da eskatzailea Bedaioko etxebizitzetako batean erroldatuta egoteaz gain, bertan bizitzea. Diru laguntza eskatzerakoan, Internet sarearen instalazioaren faktura, faktura ordaindu izanaren agiria eta Interneteko datuen kontratua aurkeztu behako ditu eskatzaileak. Halaber, diru laguntza hau ez da bateragarria izango helburu bereko beste diru laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!