"Ikusleak seguru egoteaz gain, eroso sentitzea nahi dugu, etxean bezala"

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko uzt. 14a, 11:38

Aurtengo udan Orion izango da Gure Zirkua, lehen zutena baino karpa handiago bati esker. Ostiralean hasita, asteazkenetik igandera izango dira saioak, abuztuaren 30a bitarte.

Ezohiko egoera batean, eta pandemia bat igarota ere, ez dago ezinezkorik Iker Galartzarentzat (Amezketa, 1977). Beste uda batez, Gure Zirkuan ariko da lanean. 300 lagun hartuko dituzte saio bakoitzean (19:00etan), neurri guztiak bermatuta. Horietarako, www.gurezirkua.eus webgunean edo Orioko lehiatilan bertan (17:00etatik aurrera) eros daitezke sarrerak.

Pozik egongo zara, ezta?

Bai. Ilusio handiarekin nago. Gertatu den guztia gertatuta ere, pozgarria da berriro bueltan garela ikustea. Lanean hasi, errutinari heldu eta martxa hartzeko gogoz gaude. Lehen egoera hau irudikatu besterik ez genuen egiten, baina azkenean aurrera egitea erabaki dugu. Olatu bat harrapatzen duzunean, amaierara arte eramaten zaitu.

Azken bi urteetan baino saio gutxiago izango dira. Gehiago ere eskainiko zenituzkete?

Ezinezkoa da hori jakitea, ez baitakigu nola erantzungo duen jendeak. Hala ere, lehen saioetarako bizi-bizi ari gara sarrerak saltzen, beraz, ikusten dugu jendea gogotsu dagoela. Ondo egin nahi ditugu gauzak, zentzuz eta poliki. Agian emanaldi berriak iragarriko ditugu, baina auskalo. Oraingoz lasai egoteko esan digute udaletik.

Saio horietarako, ikusle nahiz langileen segurtasunerako, karpa berri bat ekarri duzue Portugaldik. Nolakoa da?

Karpa zahar bat da, jada itxita zegoen beste zirku batekoa. Polita da, eta tamainaz, lehenago erabili izan dugunaren bikoitza. Hasiera batean barrutik hotza zirudien arren, pixkana berotzen doala dirudi, horretarako lanean ari gara behintzat. Ikusleak seguru egoteaz gain, eroso egotea nahi dugu, etxean bezala.

Karpan bertan bere eserlekua izango al du ikusle bakoitzak?

Bai. Karpa bikoitza den bezala, harmailetako edukiera ere bikoitza du. Badakigu, berez, edukieraren %60a bete dezakegula, baina %50a beteko dugu, lasaiago ibiltzeko. Guztira, 300 lagun sartuko dira saio bakoitzean. Famili bereko senideek nahiz etxe berean elkarrekin bizi direnek elkarren ondoan egoteko aukera izango dute. Ezezagunen artean, ordea, gutxienez metro eta erdiko distantzia mantendu beharko da. Gainera, nahitaezkoa izango da musukoa jantzita izatea.

Eta nolakoa izan da karpa hori lortu, hona ekarri eta hemen gordetzeko prozesua?

Nahiko luzea, egia esan. Albisteak entzutean, Gabonak arte etxean sartuta egongo ginela zirudien. Bagenekien normaltasun berri batean hasi arte ezingo genuela ezer egin. Lan handia zegoen egiteko. Orain, merezi izan duela ikusten duzu, baina atzera begiratuta, ez dut uste berriro gauza bera egingo genukeenik. Hiru trailer behar izan ditugu guztia garraiatzeko. Horri, gainera, Orio bezalako herri txiki batean karparentzako toki seguru bat bilatu beharra gehitu behar zaio. Herritar nahiz udal langileen laguntza ere behar duzu; eta garrantzitsuena, pazientzia.

Orioko zein gunetan zaudete?

Futbol zelaiaren ondoan, ibai inguruan. Ondo ezagutzen dugu, lehen ere izan ginelako bertan. Leku lasaia eta atsegina da, lagunekin edo familian etortzeko. Hala ere, pena puntu bat ere badut, hitz emanda genituen herri txikietarako saioak bertan behera utzi behar izan ditugulako, eta horrek lehen ematen zion enkantua galdu duelako zirkuak.

Edukiari dagokionez, emanaldi berriak izango dira?

Iaz egindako saioari eusteko asmoa dugu oraingoz. Eboluzio polita izan zuen, eta beraz, horrela abiatuko gara. Gerora, saioak igaro ahala, ikusiko da artista batzuen emanaldiak aldatzen joan ala ez. Etxean sartuta egon garenean ere, kide askok izan dituzte ideia eta proposamen berriak, guztiek dutelako zerbait berria egiteko gogoa. Hori du Gure Zirkuak, nahitaezkoa dela saioak eboluzio bat izatea.

«Futbola ikuslerik gabe hasten bada, ziur naiz zirkura ez dela inor sartuko» esan zenuen. Bada, ez da horrela izan.

Bazen garaia guk ere futbolari noizbait errematea egiteko. Hori bai, auskalo gero futbolak berak nondik sartuko digun gola guri.

Zehazki, Orion, kasu berriak zenbatu zituzten duela gutxi. Beldurrik baduzue?

Asko hitz egiten dugu horri buruz. Orion bai, baina non ez? Herri guztietan berdin gabiltza, nahiz eta kasu batzuek indar handiagoa hartu. Uzten diguten bitartean, aurrera segiko dugu. Kezkatuta datorrenari lasaitasuna eta segurtasuna bermatu eta transmititzea izango da garrantzitsuena.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!