Tolosako Azoka Trianguloa eta Alondegia plazetara zabalduko da

Ataria 2020ko uztailaren 10a

Azken hilabeteotan bezala ezohiko moduan antolatuko da azoka, baina 3 eremutan izan ordez, 5 eremutara zabalduko da. 61 ekoizle eta saltzaile egongo dira.

Orain arteko prebentzio eta segurtasun neurriak mantendu egingo dira eta udalak protokolo bat garatu du ekoizle eta saltzaileek bete beharko dutena herritarren segurtasuna bermatzeko. 

Guztira, 61 postu jarriko dira bost gunetan banatuta: ohiko hiru lekuez gain –Zerkausia, Berdura Plaza eta Euskal Herria Plaza–, Trianguloan eta Alondegia plazan ere izango dira postuak.

Zerkausian 31 postu kokatuko dituzte, eta bertan egoten diren hiru Trianguloan izango dira. Berdura Plazan bost postuk hartuko dute parte. Euskal Herria plazan, berriz, 20 postu egongo dira, elikagaien 12 postu eta beste 8, arropa eskaintzen dutenak. Alondegian ere jantziak izango dira nagusi bertan egongo diren 12 postuetan.

Udaletik esan dutenez ez da larunbat bateko kontua izango: "Antolakuntza hau denboran mantendu egingo da, hau da, postuen kokapena larunbat honetatik aurrera mantendu egingo da,  erabateko normaltasuna berreskuratzen den arte".

Arduraz jokatzen jarraitzeko eskaera
Azokagile eta saltzaileek neurriak bete beharko dituzten modu berean, herritarrei ere arduraz jokatzen jarraitzeko eskaera egin die udalak, oraindik ere, "osasun eta segurtasun neurri guztiak  errespetatzea ezinbesteko delako". Horregatik, bertaratzen direnek sarrera eta irteerak errespetatu beharko dituzte, jende pilaketak ekidin, 1,5 metroko distantzia mantendu beharko dute elkarren artean eta musukoa janztea nahitaezkoa izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!