«Musikak erritmoa du, baina momentu batzuek isiltasuna eskatzen dute»

Irati Saizar Artola 2020ko uzt. 10a, 09:53
ETANOWSKI

Hitzordua zehaztuta dute Amaia Elizaran eta Xabier Zeberiok: gaur bertan, 20:00etan, OUT izeneko pieza berria estreinatuko dute, Zerkausiaren goialdean.

Ur azpian zaudenean sortzen den estutasun horretatik ihesean mugituko da Amaia Elizaran (Tolosa, 1992) dantzaria, bere lan berrian. Xabier Zeberio musikaria izango du aldamenean erritmoa jartzen. 'OUT' pieza berria estreinatzear da bikotea; libre egoteko, aske izateko momentu hori irudikatuko dute gaurko Zerkausiko emanaldian.

Zer duzue esku artean?

Azken momentuko pieza berri bat da, garai berrietara egokitua. Hasiera batean, 'MAR' izeneko gure azken lanaren zatitxo bat hartu nahi genuen. Lan hori antzokirako zen, eta kalera egokitzea zen asmoa. Gainera, pieza horretan bi dantzari geunden, eta bakarrera moldatu nahi genuen, egoerak bultzatuta, kontaktua kendu baitigute. Behin moldaketak egiten hasita konturatu ginen ez zeukala aurrekoarekin zerikusirik, beraz, zerbait berria prestatu dugu.


'MAR' lana izan da azken honen aurrekoa.

Iazko urrian estreinatu genuen. Bi dantzarirekin eta Xabier Zeberioren zuzeneko musikarekin dago osatua. Beste mota bateko emanaldia da hori, ordea.

Aurreko lana oholtzarako, oraingoa kalerako. Estilo aldetik, ildo beretik jarraituko du lan honek ere?

Nire lan pertsonal bat da, beraz, aurreko lan guztiekin zerikusia izango du honek ere. Gainera, interprete bezala beti ni aritzen naiz, eta pentsatzen dut nire koreografiek, kanpotik begiratuta behintzat, zerikusia izango dutela.

Aurreko lanerako itsasoa izan zenuen inspirazio iturri. Zer izan da oraingoan?

'MAR'-etik abiatu ginen 'OUT' egiteko, eta 'MAR' nahiko ur azpian gertatzen zen. Oraingoan, ordea, ur azpian zaudenean duzun estutasuna eta hortik aterata arnasa hartzen duzun momentu hori izan da ideia nagusia, eta bizi izan dugunarekin konparatuz, hortik abiatu gara. Libre egoteko momentu hori, aske izateko une hori bilatu dugu.

Konfinamenduan egotetik Zerkausian dantza egitera pasako zara. Lehen aldia izango da Zerkausian dantza egingo duzuna?

Bai, estreinakoz egingo dut dantza Zerkausian. Egia esan, lekua zoragarria iruditzen zait eta ez da gehiegi erabiltzen. Gainera, gaur egun, edukiera kontrolatu behar denez, errazagoa da leku itxietan edo mugatuetan egitea, izan ere, plaza erdian jartzen bagara, pilaketak sortu daitezke. Eguraldiak laguntzen badu, Zerkausiaren goiko partean egin nahiko genuke.

Xabier Zeberio izango duzu berriro ere aldamenean. Konexio puntu bat baduzue?

Bizilagunak ere bagara [Barreak]. Gertu bizi gara, eta beti gaude kontaktuan: 'Zerbait berria egingo dugu? Erritmo hau daukat, etorri, erakutsiko dizut...'. Horrela ibiltzen gara. Oso erraza da bion artean lan egitea.

Zein instrumentu erabiliko du oraingoan Zeberiok?

Nikel harpa erabiltzen du instrumentu bezala, baina, gero gauza ez konbentzionalak ere egiten ditu: looper-arekin kapak sartzen joaten da.

Estreinakoz egingo dut dantza Zerkausian; egia esan, lekua zoragarria iruditzen zait


Zuk zerbait sortutakoan musika eske joaten zara? Ala alderantziz gertatzen da?

Gutxi gorabehera aldi berean joaten gara gauzak probatzen. Baina, batzuetan Xabik [Zeberio] erritmo batzuk bidaltzen dizkit eta erritmo horien gainean sortzen dut zerbait. Sortzen ari naizen momentu horretan, ordea, gorputzak beste gauza bat behar dudala eskatzen badit, berari esaten diot, eta moldatu egiten du. Azken batean, elkarrizketa bat sortzen dugu.

Inoiz dantzatu duzu musikarik gabe?

Bai, eta pieza honetan momentu batzuetan isilunea ere badago. Biak garrantzitsuak dira: musikak erritmoa du, baina momentu batzuek isiltasuna eskatzen dute.

Kasu honetan, dantzari bat eta musikari bat ariko zarete, publiko zabalaren aurrean. Zenbat denborako emanaldia izango da?

Ordu erdi ingurukoa. Normalean kaleko ikuskizunetan jendea zutik eta gertu egoten da, eta orain, pixka bat desberdina izango da.

Metro asko behar izaten dituzu dantzarako?

Dantzan ari naizenean publikoa oso gertu edukitzea gustatzen zait, baina orain ezin dut. Egin ditugun beste emanaldietan, gure artean eta publikoaren artean bi metroko espazioa mantendu behar izan dugu, eta beraien aulkien artean ere beste hainbeste. Pasa den astean izan genuen lehen emanaldia modu horretara, eta emozio handia sentitu nuen berriro dantzatzeko momentu hori iritsi zenean, baina, aldi berean, arraroa ere izan zen horrela dantzatzea.

Dantzan ari naizenean publikoa oso gertu edukitzea gustatzen zait, baina orain ezin dut


Egun, dantzatik bizi zara. Nola iritsi daiteke bat horraino?

Animo askorekin, gogo handiarekin eta burugogorra izanez. Lan asko egin behar da hona iristeko, oso zaila da, eta askotan, klaseekin partekatu behar duzu zure lana. Ikasturtean zehar erotu egiten naiz: arratsalde osoa pasatzen dut klaseak ematen, eta goizak sorkuntzari eskaini behar dizkiot. Etxera iristean, ordenagailuarekin jarraitu behar izaten dut nire piezak mugitzen, izan ere, nik bakarrik bideratzen dut lan hau guztia.

Zuk sortzen duzu eta zuk dantzatzen duzu sortzen duzuna ere. Bakarrik denbora asko pasatzen duzu?

Gehiegi, bai. Baina ez zait besterik geratzen. Gero asko eskertzen dut jende desberdinarekin kolaboratzea sorkuntzetan, baina, azkenean, ordenagailuz egiten dugun lan guztia piezak mugitu ahal izateko, birak lotzeko, hotelak, bidaiak... hori guztia niri tokatzen zait egitea, eta izugarrizko lana da, ikusten ez dena.

Noiz izan zenuen dantzarekin lehen harremana?

Hiru urterekin balleta egiten hasi nintzen Tolosan. Urte asko pasatu nituen akademia ezberdinetan, eta 16 urterekin Madrilera joan nahi nuela erabaki nuen. Sarrera frogak egin eta hautatua izan nintzen. Batxilergoa han egin nuen. Handik aurrera, garai bat izan nuen Madrilen, Londresen eta Dublinen ibili nintzena proiektu ezberdinak egiten, baina orain dela lau edo bost urte nire konpainiaren lanarekin hasi nintzen, eta Tolosan bizi naiz berriro.

Zer moduz dago dantzaren merkatua Euskal Herrian?

Nik uste kalitate oneko lan asko daudela. Gipuzkoan dantza topera dagoela esango nuke. Kanpoan ibili diren dantzari asko bueltatu egin dira, eta bakoitza bere proiektuarekin dabil. Maila ona da. Baina hemen jendeari antzokira joatea asko kostatzen zaio eta pena da, zeren, pieza hauek beste leku batera eramango bagenitu, adibidez, Alemaniara, askoz gehiago baloratuko lituzkete, han, antzokietara joateko ohitura gehiago dagoelako.

Kalean dantza egiteak gehiago erakartzen du?

Azken batean, kalean publiko ezberdinetara iristen zara. Paseatzen ari den norbait gera daiteke kalean begira, baina antzoki batera agian ez litzateke joango. Nahiz eta jendea kaleko ikuskizunetara joan eta gustatu, gero ez du antzokietara joateko pausoa ematen.

Pozik zaude hemen?

Bai, oso gustura. Londresen proiektu batekin aritzea zoragarria izan behar duela ematen du askotan. Baina, gero, bost pertsonekin batera zaude pisu txiki batean eta lagunen etxean zaku batean lurrean lo egiten ere egon izan naiz. Eta agian, daukadan proiektua, berez, kaka hutsa da, baina Londresen zaudelako izugarria izan behar duela iruditzen zaigu. Orain nire proiektuekin oso pozik nabil hemendik. Proiektu bezala hauek nahiago ditut, baina baldintzak han hobeak ziren. Hemen ere borroka horretan gaude.

AMAIA ELIZARAN ETA XABIER ZEBERIO

OUT
«Dena ura da. Isila, irmoa, estugarria, inguratzailea. Fisikak bere lana egiten duen arte. Orduan gainazaleko tentsioa hautsi eta erupzio likidoa iristen da. Askatasunak bere bidea bilatzen du eta larritasuna desagertzen da. Aireak birikak betetzen ditu. Aske. OUT»

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!