Tolosako egoera berrian ere badu lekua kulturak

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko uzt. 9a, 19:59

Udarako prestatutako kultur eskaintzaren berri eman du udalak. Bihar hasi, eta irailaren 11ra bitarte luzatuko da ekitaldiz betetako egitaraua.

Uda honetan, herritik mugitu gabe kulturaz gozatzeko hainbat ekintza antolatu ditu Tolosako Udalak, herriko kultur eragile eta taldeekin batera. Izan ere, hamalau ekintza jasotzen dituen «kale dinamizaziorako kultur egitaraua» prestatu dute. Horrela, uztailaren 10etik irailaren 11ra bitarte, musikaz, dantzaz, antzerkiaz eta aire libreko zinemaz gozatzeko aukera izango da. Gainera, haurrentzako jarduerak ere prestatu dituzte, «uda berezi honetan tolosar guztiek kulturaz gozatzeko aukera izan dezaten», adierazi du Izarne Iglesias udaleko kultur zinegotziak.

Prestatutakoa, ordea, ez da egitarau itxi bat, eskaintza berriak ere txertatzen eta gehitzen joango baitira egitaraura. «Kultura gure herri izaeraren zati garrantzitsua da, berezi egiten gaitu». Herrian hainbat kultur talde, artista eta sortzaile daudela gogorarazi du, udalaren nahia horien guztien jarduna babestu eta indartzea dela aldarrikatuz. «Kultura inbertsioa delako, kultura kohesio sozialeko tresna delako, herria bizirik mantentzeko giltzarria».

Beti esan izan da Tolosa ekintzen faktoria bat dela, kulturak herriari egiten dion ekarpenari esker. «Pandemiak, beste hainbat sektorerengan eragin duen moduan, bete-betean eragin du euskal kulturaren industrian, eta nola ez, herriko talde eta profesionalean jardunean».

Osasun krisiaren ondorioz, aurrean duten «erronka potoloari» aurre egiteko bide bakarra «elkarlana» dela gehitu du zinegotziak. «Tolosako eragileekin, eta herriko talde zein artisten partaidetzarekin osatu dugu egitaraua. Kulturak herriko hainbat bazter hartuko ditu».

KULTURA BABESTEKO DEIA

Egoerak hala eskatuta, emanaldi guztiak beharrezkoak diren segurtasun eta prebentzio neurri guztiak hartuta egingo dira. Udaletik herritarrei gogorarazten die, musukoa erabiltzea nahitaezkoa izango dela saio guztietan.

Gainera, emanaldi guztietarako gonbidapena beharko da, edukierak kontrolatu ahal izateko. Atzo jarri ziren eskuragarri, kultur etxean, zinema saioetarako gonbidapenak izan ezik, horiek Internet bidez eskuratu beharko direlako, www.bibe.me webgunean. «Emanaldi ia guztiak doakoak izango dira, kulturaren alde egiten dugun apustuagatik, tolosarrek ere gurekin bat eginez, kulturaren alde egin dezaten, babestu dezaten».

Uztailean hartu beharko dira gonbidapenak, beranduenez, hilaren 30ean. Pertsona bakoitzak gehienez bi gonbidapen eskuratu ahalko ditu ikuskizun bakoitzerako. Gonbidapenen bat soberan geratuko balitz, egunean bertan ere eskuratu ahalko da, ikuskizunaren hasieran.

Tolosako Udaleko Kultura sailak 100 gonbidapen jarriko ditu herritarren eskura, saio bakoitzeko. Baina, badira kontuan izan beharreko hainbat ohar: Evaren Alabak taldearen saiorako, 50 gonbidapen banatuko dira gehienez. Musika Hamabostaldiari dagozkion bi saioetarako gonbidapenak, berriz, hilaren 27tik 30era eskuratu ahalko dira. Musika Hamabostaldiko antolakuntzak kudeatuko ditu gonbidapen horiek, baina kultur etxean eskuratu ahalko dira.

2020KO UDAKO KULTUR ESKAINTZA

Uztailak 10, ostirala

20:00. Out ikuskizuna, Zerkausian. Musika: Xabier Zeberio. Koreografia: Amaia Elizaran.

Uztailak 18, larunbata

19:00. Zipit Companyren Jai el marinero txotxongilo ikuskizuna haurrentzat, Euskal Herria plazan.

22:30. Don Inorrez musika taldearen kontzertua, Plaza Berrian.

Uztailak 23, osteguna

18:00. Intujai taldearen Txangozatu ikuskizuna, Zumardiaundian.

Uztailak 24, ostirala

20:00. Tolosako Udal Musika Bandaren kontzertua, Euskal Herria plazan.

Uztailak 25, larunbata

22:00. Zezen plazan, zinea aire librean: Gladiator. Bang Bang formatuan eskainiko da, ikusleek filmaz beste modu batera gozatu ahal izateko.

Uztailak 26, igandea

22:00. Zezen plazan, zinea aire librean: Master and Commander.

Uztailak 27, astelehena

22:00. Zezen plazan, zinea aire librean: Agur Etxebeste.

Uztailak 30, osteguna

19:00. Miruren Badakizu eserita ere dantzatu daitekeela? emanaldia haurrentzat, Zerkausian.

20:00. Txaston Dixieband musika taldearen kontzertua, Plaza Berrian.

Abuztuak 4, asteartea

20:00. Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, Lucia Gomez eta Alize Mendizabalen kontzertua, Santa Maria elizan.

Abuztuak 7, ostirala

20:00. Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, Kea ahots taldearen kontzertua, San Frantzisko elizan.

Abuztuak 28, ostirala

18:00. Dantzpoint (Chill out berezia, DJ-ekin) Zumardi Txikian.

Irailak 11, ostirala

19:00. Evaren Alabak taldearen Cromlech antzezlana, Aranburu Jauregian

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!