Koronabirusa

Arrarotasun berria

Erabiltzailearen aurpegia Irati Hartsuaga 2020ko uzt. 10a, 19:59

Bai, nik horrela deitzen diet udako egun luze hauei. Normaletik gutxi dutelako, eta arrarotik asko. Egia da ia ahaztu zaizkigula kalera ezin irten eta balkoiak aprobetxatzen genituenekoak. Haize pixka bat hartzeko ordulariaren menpe ibili behar genuenekoak. Baina ezin esan, orain bizi dugunak normaltasunaren antzik duenik. Nola ba, Tolosatik Betelurainoko joan-etorria egitea nobedadea denean, Nafarroako muga zeharkatzen delako?

Pasa ditugu San Joan ez ziren sanjoanak. Iritzi kontrajarriz eta eztabaida mingarriz betetako prozesu baten ondoren, izan dugu zertaz gozatua, baina ikusi ditugu ezker-begirada zorrotza merezi duten jarrerak ere. Arrarotasun honetan zaila delako neurtzen non dagoen zuhurtziaren eta paranoiaren arteko muga. Eta muga horretan dantzan gabiltzala, soka egunez egun gehixeago tenkatuz, hor datorkigu Ordizia. To, zaplaztekoa.

Baina debekuak atzean utzi eta erabakia norberaren esku gelditu denetik, ezin pentsa konforme jarriko garenik egin beharrekoari buruz. Badaude asko gaitza oso hurbiletik nozitu dutenak, eta beste hainbeste, zorionez, gaitzari usainik ere hartu ez diotenak. Bada, norberaren esperientzia desberdina den neurrian, ezin eskatu denoi jarrera berdina izaterik zorioneko koronabirusarekiko.

Hain zuzen ere, iritzi eta jokabide desberdinak izatea, horixe delako arrarotasun berri honek duen gauzarik normalena

Eta ez pentsa bi jarrera kontrajarri direnik; badagoelako jendea beltzetik zuriraino doazen tarteko gris guztietarako. Horregatik, egoera bera alde batera utzita, arraro gaude gu geu ere: inguruko guztiekin eztabaidatzeko gogoz, ustez gaizki dabiltzanak epaitzeko prest, beldurra sortzen digun zerbaiti ihes egin eta bizi nahian...

Ez daukat inorentzako gomendiorik. Gaurkoan hemen bota ditut buruan nerabiltzan ideiak, zeren tarte gris horietan nabil ni, beste asko bezala, egun batzuetan ilunago, besteetan argiago. Hain zuzen ere, iritzi eta jokabide desberdinak izatea, horixe delako arrarotasun berri honek duen gauzarik normalena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!