Bizirauteko «oxigenoa», tokiko eragile ekonomikoentzat

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko uzt. 7a, 09:24

Osasun krisiaren ondorioz, kalte handienetakoa jasan duen sektorearentzat diru-laguntzak atera ditu Tolosako Udalak; guztira, 725.000 euro izango dira, beharrei erantzuteko.

Osasun larrialdiaren ondorioz ezarritako alarma egoerak gogor kolpatu ditu herriko hainbat sektore, tartean, ekonomikoa; askok eten egin behar izan dute bere jarduna. «Testuinguru horretan, erabateko lehentasuna izan du jarduera ekonomikoa berraktibatzeak, enpleguak herritarren ongizatean duen eragin zuzenagatik, gizarte egitura babestu eta krisiak eragindako ondorio eta kalteak murriztu asmoz», esan zuen Olatz Peon alkateak, pasa den asteko prentsaurrekoan.

Hori dela eta, hainbat lan lerro barne biltzen dituen Suspertu Tolosa plana garatu du udalak. Jada jarri dira tokiko kontsumoa sustatzeko bonuak martxan, eta orain, langile, autonomo eta mikroenpresei bideratutako diru laguntzak onartu dituzte, larrialdi egoerak gehien kaltetu dituen sektore, kolektibo eta herritarrak lagundu asmoz. «Jarduera ekonomikoa sustatzeko eta babesteko hartutako neurria da».

INOIZKO AHALEGIN HANDIENA

Diru laguntza deialdira 725.000 euro bideratuko ditu udalak. Dagoeneko martxan dago, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen pasa den astean. «Hiri ekonomia babesteko neurriko ahalegina egingo du udalak, inoiz egin den handiena». Udaletik aitortu dutenez, orain artean ez dute horrelako egoerarik bizi, hots, hainbat hilabetez, jarduera ekonomikoa erabat etetea, horrek herrian ekartzen dituen ondorio guztiekin. «Horregatik, eragindako kalteak arintzea da asmoa».

Halaber, «ondo koordinatutako lana» egin dutela adierazi dute. «Hiri Ekonomiaren Mahaiari esker, eraginkorra izan da informazioa partekatzea. Sektore guztien egoera eta beharrak ezagutuz, planean jasotako ekintzak garatu ditugu elkarlanean, egoerari baldintzarik onenetan aurre egiteko. Harreman zuzen hori izateak asko laguntzen du, errealitateari erreparatzeko».

Krisiak gogor kolpatu ditu sektore guztiak. «Gure baliabideak kontuan izanik, kalte handiena jasan dutenei ahalik eta erantzun eraginkorrena ematea da helburua. Ahal bada, guztiengana iritsiko gara, aukera bera izan dezaten», esan du Peonek.

Euren kontura lan egiten dutenei, autonomoei eta mikroenpresei bideratuta daude diru-laguntzak. Horiek lortzeko, baina, zenbait baldintza bete behar dira: egoitza soziala Tolosan izatea, erakundeekin zerga alorreko nahiz bestelako betebeharren ordainketa eguneratuta izatea, jarduera garatzen den lokalak lizentzia indarrean izatea, eta martxoaren 14an jarduera ekonomikoen gaineko zergaren matrikulan alta emana izatea.

Mikroenpresen kasuan, jarduera etenda izan badute, kontuan hartuko da 10 langile baino gutxiago izatea eta urteko negozio bolumena 2 milioi eurotik beherakoa izatea. Bestela, urteko lehen bi hiruhilekoetako fakturazioa, iaz epe berean izandakoarekin alderatuta, %50etik gora murriztu zaien ala ez baieztatuko da. Gastuei dagokienez, berriz, martxoaren 1etik uztailaren 31ra bitarte sortutako gastu orokorrak lagunduko dira diruz.

BANAKETA PROPORTZIONALA

Bonuekin egin moduan, kasu honetan ere dirua proportzionalki banatuko da, jasotzen dituzten eskaera guztien artean. Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira www.tolosa.eus webguneko erregistro elektronikoaren bidez, uztailaren 31 baino lehen. Horretarako, BAK@ ziurtagiria eduki beharko da, aurrez 943 65 44 66 telefono zenbakian hitzordua eskatuta eskuratu ahal izango dena. Udalean langile bat egongo da diru-laguntzak kudeatzen. «Erreferentziazko pertsona izango da, zalantzak argitzeko eta laguntza emateko».

Bi txandatan gauzatuko da eskaera. Lehenik, galdetegia betetzeaz gain, eskatzen diren agiri eta dokumentuak aurkeztu beharko dira. Zuriketa egiterakoan, berriz, beste bi eranskinez gain, zuritu nahi diren gastuen fakturak eta horien ordainagiriak. Ordainketa ere bi epetan egitea aurreikusten dutela azaldu du Alaine Izagirre garapen ekonomikoko eta merkataritzako teknikariak. «Lehenik, %70a aurreratuko da; gainerako %30a, berriz, zuriketarako gastu guztiak aurkeztutakoan». Urriaren 15etik azaroaren 15era zabalduko dute zuriketarako epea.

Guzti honetarako, Tolosak «ariketa mardul bat» egin duela aitortu du alkateak. «Beste erakundeetatik zein diru-laguntza bideratzen zuten jakin behar izan dugu, gurea horien osagarri izan zedin. Gainera, beste herri batzuetako udalekin ere harremanetan izan gara, laguntzak kontrastatzeko. Herri bakoitzak bere izaera du, baina arazoak berdinak izan dira guztietan».

Onuradunen zerrenda udalaren webgunean argitaratuko da, eta jada bertan dago deialdiaren inguruko informazio guztia. Zalantzarik izanez gero, merkataritza@tolosa.eus helbidera idatzi edo aurrez aipatutako telefono zenbakira deitu behar da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!