Herria nola eraldatu eta hobetu hausnartzeko aukera

Tolosaldeko Ataria 2020ko uzt. 7a, 09:22

Jada eman daiteke izena 'Orain inoiz baino gehiago, guztion artean Tolosatzen' partaidetza prozesuko saio sektorialetarako.

Lau saio izango dira, gaur, hilaren 9an, 14an eta 16an, 18:00etatik 20:00etara. Udaletik diotenez, «herritar bakoitzak, bere ekintzen bitartez, Tolosa nola suspertu, eraldatu, sustatu eta hobetu dezakeen hausnartzea da saioen helburua, komunitate ikuspegi batetik landu daitezkeen balioak indartuz, ekintzetara pasatzea». Gaurko saioan ongizatea landuko da, ikuspegi zabal batetik, 9an kultura, 14an ingurumena, eta 16an ekonomia.

Saio presentzialak izango dira, Zerkausiko terrazan, beharrezko segurtasun eta prebentzio neurriak hartuta egingo direnak. Herritar bakoitzak nahi adina saiotan parte hartu ahalko du, baina ondo antolatzeko eta beharrezko bitartekoak aurreikusteko, aurrez izena ematea eskatzen dute udaletik. Parte hartu nahi dutenek galdetegi bat bete beharko dute www.tolosa.eus webgunean. Saioei buruzko informazio gehiago nahi duenak, gobernantza@tolosa.eus helbidera idatzi, 010 zenbakira deitu edo 688 768 458 zenbakira mezu bat bidali beharko du, WhatsAppez.

Uztailean egingo diren saioen ondoren, iraila eta urria bitartean, prozesuaren hirugarren fasea jarriko da martxan, ordura arte egindako saioetan zehaztutako banakako ekintza txikiak gizarteratzeko. Gogoeta eta azterketa gehiago beharko dituzten bestelako ekintzak ere egingo dira, tartean, aurrekontua behar duten proiektuak eta egitasmoak identifikatuko dira. Aztertu egingo da ekintza horien bideragarritasuna, 2021eko aurrekontuetan sartu daitezkeen egitasmoak zein diren jakiteko.

Era berean, 2020-2021 Tolosatzen Eskola Irekiaren programa osatuko duten jardueren beharra identifikatuko da prozesuan zehar, eta urrian, partaidetza prozesuaren azken topaketa egingo da herritarrekin, ondorengo hilabeteetan zehar landutakoa azaltzeko eta aurkezteko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!