Udako txapelketak aurrera jarraitzen du. Asteburuan bigarren jardunaldiko partidak jokatu ziren, eta eskualdeko lau pilotarietatik hiruk garaipena lortu zuten. Jaka izan zen 22ra iritsi ezinik geratu zena, 22-2o galduz Ezkurdia-Arangurenen aurka. Lizartzarrak Albisurekin osatzen du bikotea Masters CaixaBank Txapelketa honetan.
Zaldibarren Jon Ander Peñak eta Martijak 22-13 irabazi zien Laso-Irribarriari. Peña II.a Oinatz Bengoetxearen ordez jokatzen ari da, eta txapelketako bi partidak irabaztea lortu du. Asteburu honetako partidan, Lasok Urrutikoetxearen ordez jokatu zuen. Tolosarrak txapelketan jarraitzeko aukera baldin badu, Bengoetxea VI.a ordezkatuz, hurrengo jardunaldia etxean jokatuko luke. Jaialdia uztailaren 13an izango da, eta Artola-Rezusta izango dituzte aurkari.
Alegiarrak eta bergararrak jokatutako partida guztiak irabaziz jarraitzen dute. Asteburuan 22-16 menderatu zituzten Olaizola II-Zabaleta. Txapelketa irabazteko moduko bikotea osatzen dutela erakutsi zuten berriro ere, Labriten.
Lehen jardunaldiko partida bertan behera geratu zitzaion Jokin Altunari. Beraz, txapelketako bigarren jardunaldian jokatu du lehen partida osoa amezketarrak. Labriten 22-13 nagusitu ziren Elezkano II-Aretxabaletaren aurka. Amezketarrak asteburuan jokatuko du Ceniceron, Jaka-Albisuren aurka, Imaz lagun duela. Atzeraturik duten partida, berriz, uztailaren 17an jokatuko da, Azpeitian. Aurkariak, Ezkurdia-Aranguren, zain izango dituzte.