2020ko Tolosako Abesbatza Lehiaketa, bertan behera

Ataria 2020ko uzt. 4a, 14:15

Tolosako Abesbatza Lehiaketaren antolatzaileek bertan behera utzi behar izan dute aurtengo edizioa, "gutxieneko segurtasun-baldintzak betetzen ez direlako". Horren ordez, jaialdi bat antolatuko dute, Tolosan bertan, urriaren 25etik azaroaren 1era.

52. edizioa izango zen aurtengoa. Bitxia bada ere, aurten abesbatzen parte-hartze prozesua oso aurreratua izan dute. Aurreko edizioekin alderatuta, aldez aurretik egin dituzte lanak. “Otsailaren amaierarako itxita genuen Ganbera Abesbatzen kategoria, eta dagoeneko Haur Abesbatzen kategoriarako aurreikusten genituen 6 koruetatik 5 baieztatuta genituen".

Izan ere, epea amaitu arte, hau da, maiatzaren 15 arte, izen-emate prozesuaren egutegiari eutsi ziotela adierazi dute antolakuntzatik. "Bost haur abesbatzek eta zortzi ganbera abesbatzek berretsi ziguten inskripzioa. Azkenean, baina, bertan behera uztea erabaki dugu, gutxieneko segurtasun-baldintzak betetzen ez direlako”, dio Luismi Espinosa lehiaketako zuzendariak.

Arrazoi ugari

Segurtasun-baldintzak ez betetzeaz gain, erabakiaren atzean hainbat arrazoi azaltzen ditu Espinosak. “Edozein berragertzeak mugak ixtea edo berrogeialdia ekarriko luke; berrogeialdia, kasu askotan, abesbatzak hona iristean izango litzateke, baina baita itzultzean ere. Horri, hegaldi-txartelak aldez aurretik erosi beharra gaineratu behar zaio, bidaiatzeko bermerik izan gabe edo hegazkin-konpainiak haien dirua itzuliko diela ziurtatu gabe".

Gainera, antolaketa-arrazoiak ere badirela dio. "Esaterako, ez dakigu urrian izango diren ostatu-protokoloak, baina abesbatzak talde ez-bizikideak direnez, guk ezingo genuke onartu abeslari guztiak gela bikoitzetan hartzera behartuko gaituen aurrekonturik; are gutxiago, banakakoetan. Ostatu-gastuak hirukoiztu edo laukoiztu egingo lirateke”, nabarmentzen du.

Arreta, bertako abesbatzetan

Guzti horren ondorioz, antolatzaileek argi izan dute lehiaketa bertan behera utzi behar zela jakin ondoren, "Tolosako abesbatza izpiritua bizirik mantenduko zuen zerbait" egin behar zela. Horregatik, jaialdi bat antolatzeko ideia sortu da. “Bagenekien estatuko abesbatzak baino ezin genituela eduki, birusaren edozein berragertzeak mugak ixtea ekarriko lukeelako. Erkidegoen arteko balizko itxiera ere kontuan hartu nahi dugu. Hori dela eta, bertako abesbatzetan jarri dugu arreta, salbuespen txikiren bat izan ezik”, dio Xabier Ormazabal Lehiaketako zuzendariordeak.

Jaialdi honi begira, antolakuntzak abesbatzen lehiaketan ohikoak ez diren errepertorioak diseinatu nahi izan ditu. Horrez gain, inoiz parte hartu ez duten erreferentziako abesbatzak ekarri nahi izan ditu, bai beren ezaugarriengatik, baita sortu berriak direlako ere. "Azken finean, euskal ahots eta musikaren aurpegi esanguratsuenak eta kalitate onekoak erakustea da helburua".

Formatuari dagokionez, emanaldiak era askotakoak izango dira, batzuk a cappella estiloan, beste batzuk instrumentazioarekin. Besteak beste, formatu txikiko taldeak, ganberako taldeak, talde mistoak nahiz ahots berdineko taldeak izango dira.

Esperantzari eutsiz

Urri amaieran, beraz, abesbatzen jaialdi bat ospatzea da asmoa. “Ikusi beharko da urrian zein osasun eta segurtasun baldintza eskatuko diren. Guk, beti ere, finkatzen diren protokoloei jarraituko diegu. Ordurako, antzokiak, publikoak nahiz interpreteak ohituta egongo dira protokolo horietara. Leidor zabalik egongo dela eta bere desinfekzio-sistemak ezarriko dituela pentsatu nahi dugu. Distantziei dagokienez, gaur egun ezagutzen ditugunen arabera ari gara lanean”.

Ondorioz, ohiko kontzertu-zirkuitua bertan behera geratuko da. "2021ean lehiaketa orain arte ezagutu dugun bezala antolatzeko itxaropena dugu", diote antolatzaileek. Itxarotea besterik ez da geratzen, baina badirudi Tolosan abesbatzek ez dutela hutsunerik utziko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!