Tolosako udal liburutegiko ordutegia eta zerbitzuak zabaldu dituzte

Ataria 2020ko uztailaren 2a

Goizez dago zabalik, baita asteazken arratsaldetan ere. Ezohiko egoeragatik, zenbait segurtasun neurri bete beharko dira.

Duela aste batzuk zabaldu zuen udalak Tolosako udal liburutegia, gutxieneko eskaintzarekin. Aurrerantzean, egunero egongo da zabalik goizez (10:00-13:30), baita asteazken arratsaldetan ere (16:00-19:00).

Liburuak maileguan hartzeko, informazioa eskatzeko, liburutegiko txartela egiteko zein katalogoa edo eLiburutegia zerbitzuak nola erabili ikasteko prestakuntza saioak emango dira. Gainera, helduentzako irakurgela irekita egongo da, eta wifia ere martxan. Irakurgela zerbitzua erabili nahi dutenek, liburuzainei eskatu beharko diete bertan irakurri nahi duten liburua. Egunkaririk ezingo da kontsultatu, ezta ordenagailurik erabili ere.

Helduen liburutegian emango da haur eta helduen mailegu zerbitzua. Liburuak maileguan hartzeko aurrez egin behar da eskaera, katalogoaren bidez edo 943 697 462 telefonora deituz. Bestela, bulegoko bildumatik aukeratu beharko da.

Liburutegira sartu ahal izateko nahitaezkoa izango da musukoa janztea (6 urtetik gorakoek), eskuak garbitzea, eta markatutako ibilbidea errespetatzea. Horrez gain, erabiltzaile bakoitzak bere poltsa eraman behar du maileguak gordetzeko, bazkide txartela egin nahi duenak bere bolaluma eraman behar du, eta bertara banaka sartu behar da.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!