Irakasle gehienontzat ikasturtea ixteko unea da. Balorazioak egiteko unea, ondo egindakoa jaso eta hobetu daitekeena doitu; txostenak, memoriak, proiektu eta prozesuen itxierak… Finean, zaharberritzen datorren ikasturteko prestaketari begira. Zer prestatuko dugu baino?
Ez larritu. Datorkiguna ezagutzen ez dugunez, hilabete pandemiko hauetan hain ondo egin duguna egiten jarraituko dugu. Horren urrun geratzen zaigun martxoaren 13an baliabide pedagogikoak esan metodologia aktiboak, baliabide teknologikoak esan portatila, wifi eta entxufea eta borondate eta profesionaltasun kiloak eta kiloak motxilan sartu genituen etxeko bidea hartuz.
Gutxi horrekin hiru hilabeteko bibak-a egiten egon gara, hobeto edo okerrago baina bizirik iraun dugu.
Ondo egin dugula diot, izan ere, Hezkuntza saila alde izan dugu ikastetxeen autonomia errespetatuz eta profesionalei egiten uzten… Pentsa zein autonomoak garen hilabete hauetan bakar-bakarrik utzi egin gaituztela, eta horrela, laguntzarik gabe, hezkuntza sistemaren entelekia hori sostengatzeaz gain, sistema horren erdigunean egon beharko lukeen Ikaslea eta familia zaindu eta lagundu dugu ere.
Irakaskuntzak bokaziozko osagai garrantzitsu bat du. Lehen, irakasteaz arduratzen ginen, egun, pertsonak osatzeaz, formatzeaz, pertsonak eraikitzen laguntzeaz. Erabat aldatu da gure rola, ez ordea gure asmoa. Hezkuntza gizarte demokratikoaren ezinbesteko zutabea da. Hezkuntzak berdindu egiten gaitu eta horregatik hura zaintzea ariketa demokratikoa da; gizakiak erabakiak hartu ahal izateko eta erantzukizun sozial eta politikoak hartzeko hezirik egotea behar-beharrezkoa da.
Lasai… Hezkuntza sailak bueltarako hiru eszenatoki presatzen joateko eskatu digu: eskolan bertan, online eskolak edota bi aurrekoen konbinazioa. Nahi eran egingo dugu, hasieratik oso esku zabalak izan dira eta esan ohi den bezala «Hor konpon, marianton» esan digute, nik hori entzun dut behintzat.
Kanpo-basean gaude, bibaketik irteten eta Everesteko gailurra laino artean ikusten badugu ere, irailean tontorrean egongo gara; oxigenoarekin espero dut!
Kanpo-basean gaude, bibaketik irteten eta Everesteko gailurra laino artean ikusten badugu ere, irailean tontorrean egongo gara; oxigenoarekin espero dut! Gure ikasleengandik gertu, familiak entzunez eta ahalik eta hobeto dakigun hori egiten, alegia, gure ikasleen bidelagunak izaten.
Ah! Ahaztu egiten zitzaidan… Espainiako Hezkuntza Ministerioak diru partida inportanteak aurreikusten ditu ikasle guztiek portatila eta wifi konexioa eduki dezaten…
Listo! Oso ikasturte lasaia aurreikusten dut.
"Hezkuntza beti da praktikan jarritako ezagutzaren teoria moduko bat, berez politikoa da, purutasunarekin du zerikusia, inoiz ez puritanismoarekin, eta, berez, edertasun-esperientzia bat da"
Paulo Freire. Pedagogoa