Bihotzez, Susana

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2020ko uztailaren 3a

Orain dela pare bat hilabete lagun batek bidalitako artikulua irakurri ondoren jakin nuen zure heriotzaren berri eta esan beharra daukat bihotza hautsi zitzaidala. Duela bi urte utzi gintuzula zioen albisteak eta ni, hemen etxean, berririk jaso gabe. Gutun hau idazten dizut gaur, agian bere garaian ez zinelako ohartu zein garrantzitsua izan zen niretzat zu ezagutzea. Egin ditudan bidaia guztietatik unerik hunkigarriena, sekula ahaztuko ez dudana da, batera igaro genuena.

Boliviara bakarrik iritsi nintzen, nire motxila zaharra bizkar gainean eta kamara eskuetan nituela. Ez zen batere erraza izan La Higuera-ra iristea, sei orduko bidaia kotxez, asfaltatu gabeko mendi bide estu haietatik. Berrogeita bi biztanle besterik ez zituen herrian ni atzerritar bakarra. Ilusioz beterik irisi nintzen Che Guevararen heriotzari buruz gehiago jakiteko asmoz, aitonari hainbeste aldiz entzundako istorioari argazkien bitartez bukaera bat emateko helburuarekin.

Egin ditudan bidaia guztietatik unerik hunkigarriena, sekula ahaztuko ez dudana da, batera igaro genuena

Gutxi gorabehera astebete neramakiela bertan, mutiko gazte batek eman zidan zure berri eta bi aldiz pentsatu gabe motxila berriro soinean hartu eta zortzi ordu beranduago Vallegranden nengoen, zure janari denda xumearen ate aurrean. Sartu eta hantxe zeunden zu, Susana, hil ondoren komandantearen gorpua garbitu zuen erizaina. Zurekin hizketan hasi bezain laster konturatu zinen nirea ez zela bisita arrunt bat, benetan hunkituta nengoela bizitzen ari nintzen momentu historikoaz ohartuta. Istorioa kontatu zenidan detaile bat bera ere ahaztu gabe, nola iritsi zen Che Guevararen gorpua helikopteroz zurera, nola garbitu zenuen, azkenik militarrek La Paz hiriburura garraiatu zuten arte. Elkarrizketa ondoren, atetik irtetera nindoanean, azken momentuan, itxaroteko eskatu eta zure gaztetako argazkia erakutsi zenidan komandantearen gorpuaren ondoan. Irudi hori betiko geratu da gordeta neure buruan, baita nire kameran ere.

Zuk jakin dezazun, etxera bueltatu nintzenean erakusketa bat antolatu nuen nire herrian bertan, zure argazkia protagonista nagusi bezala hartuta. Zuri esker burutu ahal izan nuen nire aitonari zor nion lana, zuri esker bete ahal izan nuen txikitatik neukan ametsa.

Pena handiz idazten dizut orain, ezagutu ginenetik ezin izan dudalako zurekin harremana mantendu, ez zurekin, ez La Higuerako biztanleekin. Agian egunen batean bueltatuko naiz zure denda txikira zure biloba besarkatzera, hark kontatuko dit nola izan den zure bizia Vallegrande utzi nuenetik.

Bitartean, zuretzat, eskerrik asko.

BIHOTZEZ, SUSANA.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!