"Jokalarien errespetua irabaztea da niretzat garrantzitsuena"

Imanol Garcia Landa 2020ko eka. 30a, 12:30

«Erronka» berri bati ekingo dio Henar Martinezek futbol entrenatzaile moduan: Tolosa CF-n mutilen talde bat entrenatzen duen lehen emakumea izango da.

Zazpi urte daramatza Henar Martinezek (Tolosa, 1995) Tolosa CF-ko futbol entrenatzaile moduan. Emakumezkoen taldeak entrenatu ditu orain arte, eta datorren denboraldian mutilen jubenil mailako hirugarren taldea entrenatuko du.

Nola sortu da mutilen jubenil mailako hirugarren taldea entrenatzeko aukera?

Nire izena proposatzeko, nire ustez, hiru faktore garrantzitsu egon dira. Alde batetik, taldea sortzeko aukera izan da, eta entrenatzaile bat behar zuten horretarako. Bestetik, zuzendaritza aldaketa izan dela aurreko urtean, eta zuzendaritza hori emakumez eta gizonez osatuta dagoela, beraz, bileretan ikuspegi guztiak daude, eta hori garrantzitsua da berdintasun batean futbola bultzatzeko. Eta zuzendaritza honen helburua horixe da. Eta hirugarrena, mutilen koordinatzaileak eta zuzendaritzako kideek nire aldeko apustua egitea.

Zer suposatzen du zuretzat?

Niretzako erronka polita da, eta asko motibatzen nau. Urte asko daramatzat Tolosa CF-n entrenatzen baina beti neskak entrenatu ditut, eta beti izan dut mutilen entrenatzaile izateko gogo hori, nire burua probatzeko gogo hori. Badakit ez dela erraza izango, baina prest nago eta ilusio handia dut.

Eta klubarentzat?

Nire ustez aurrerapauso bat suposatuko du. Orain arte nesketan gizonezko entrenatzaileak egon dira, baina mutiletan, futbol eskola ez bada, ez dira neskak egon entrenatzen. Tolosa CF-k aurrerapauso bat eman du, erakutsiz emakumeek mutilak eta neskak entrenatu ditzaketela, ez dagoela genero zehatz bat mutilak entrenatzeko. Gipuzkoa mailan ere edozein pertsona dela gai erakusteko aurrerapausoa da, ez dagoela genero desberdintasun bat entrenatzeko orduan.

Ezagutzen duzu Gipuzkoan beste emakumeren bat mutilen futboleko talde bat entrenatzen duena?

Nik ez dut topatu. Beti nesken ligetan egon naiz, eta ezin dizut zehatz esan, baina ez dut behintzat horren berririk izan.

Jokalari ere izan zara. Pentsatzen zenuen entrenatzaile izango zinela?

Egia esan urte asko daramatzat entrenatzen. Nesketan maila guztietatik pasa naiz. Jokalari bezala hasi nintzen eta hasieran ez nuen planteatu entrenatzaile izatea. Nire aita izan zen nesken taldeak sortzen hasi zirenean lehenengoetariko entrenatzaileetako bat, eta berarekin hasi nintzen bigarren bezala. Berarekin hasi nintzen ikasten, eta gero eta gehiago gustatu zitzaidan, nahiz eta ardura izan. Geroz eta gusturago nengoen, eta mailaz igotzen joan nintzen, eta lehia eta jokalariei gauzak erakusteko aukera hori izatea asko gustatzen zait. Aitarekin hasi nintzelako iritsi naiz iritsi naizen lekuraino.

Azken bi denboraldietan, emakumezkoen senior mailako bigarren taldea entrenatu duzu. Azkena nabarmentzekoa izan da.

Denboraldi zoragarria izan da. Talde bikaina izan dut konpromiso, ilusio eta motibazio aldetik. Jokalariekin hitz egin dut eta asko eskertu diet; ez zuten ezer futbolaren gainetik jartzen, eta izan duten konpromiso horri esker lortu dugu denboraldi bikain hau egitea. Lehenengo bi postuetan egon gara beti borrokan, eta hamazazpi partida jarraian egin ditugu galdu gabe. Bigarren bukatu dugu, azken bost partida jokatu gabe geratu ondoren, eta Euskal Ligara igotzeko ateetan geratu gara. Lehenengoa zuzenean igotzen zen eta bigarrengoak igoera fasea jokatzen zuen, baina aurtengo egoera berezia dela eta, igoera fasea ez da jokatu. Nahi genuen bezala bukatu ezin izan badugu ere, jokalariei esan diet inork ez diela kentzen egin duten denboraldia eta harro egoteko egin dutenarekin. Talde bat osatzea lortu dugu: gauzak ondo joateko, denon artean bultzatu behar dugu taldea, entrenatzaileak zein jokalariek.

Aurrera begira ze ibilbide nahi zenuke egin entrenatzaile moduan?

Futbolean entrenatzaile aritzeko hiru maila daude, eta nik lehen bietako titulua aterata dut eta aurten hirugarrena ateratzeko asmoa dut. Ez dakit zenbaterainoko ibilbidea egiteko aukera izango dudan, baina gustatuko litzaidake urrun iristea. Asko gustatzen zait entrenatzea, eta zerbaitetan konprometitzen banaiz nire ehuneko ehuna ematen dut; nire prestaketa egiten eta borrokatzen jarraituko dut. Nire taldeetan jokalariak gustura egotea, zerbait ikastea, eta eman behar dugun maila ematea iruditzen zait garrantzitsuena, eta horren arabera ea ze aukera izaten ditudan. Ea Tolosa CF-n hazteko aukera dudan mutilen futbolean hurrengo denboraldia eta gero.

Uste duzu ezberdintasunik badela neskei edo mutilei entrenatzerakoan?

Neskekin urte pila bat egin ditut entrenatzen, mutilekin oraindik ez naiz hasi. Entrenamenduak ikusi ditut, partidak ikusi ditut, nire anaia jokalaria da, eta etxean pixka bat bizi dut, eta eskola kiroleko mutilak entrenatu izan ditut. Emakumezkoen jokatzeko modua eta pentsatzeko modua ezberdina izan daiteke mutilen jokatzeko moduarekin. Lehenengo mailako partidei begiratuz gero, mutilen jokoa zuzenagoa da, eta neskena pixka bat gehiago konbinatzekoa. Nik uste dut berez alderik ez dagoela; benetan futbola gustatzen zaiona eta konpromisoa hartzen duena, eta jarrera jartzen duena, eta urrutira iritsi nahi duena... hor ikusten duzu zein den, eta berdin dio neska edo mutila izan. Badago jendea futbola zaletasun bezala hartzen duena, jokatzea gustatzen zaiona, baina ez duena hainbesteko seriotasunarekin hartzen. Aldea da pertsonaren helburuaren araberakoa, zaletasuna den edo urrutira iritsi nahi duen.

Zein izango da erronka handiagoa, taldeko mutilekin entrenatzaile-jokalari harremana, edo gero partidetan sortzen diren beste harremanak, hau da, epaileekin, beste entrenatzaileekin, zaleekin...?

Zailena ez dakit zer izango den. Pentsatzen dut epaileak, beste entrenatzaileak edo harmailetan daudenak harritu egingo direla emakume bat lehen entrenatzaile bezala ikustean, baina niretzat garrantzitsuena da nire jokalarien errespetua irabaztea, niregan konfiantza izatea, eta talde bat osatzea. Nik jokalariengan konfiantza lehen minututik izango dut. Kanpotik iritzi asko egon daitezke, baina ingurukoen iritzia interesatzen zait niri.

Nola ikusten duzu orokorrean emakumearen egoera kirolean, eta zehazki futbolean?

Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko ezberdintasun handiena futbolean goiko mailetan ikusten da, profesional mailetan aritzen direnetan. Tolosa CF-ren kasuan uste dut pixkana dena berdintzen ari dela, eta zuzendaritza lan hori egiten ari dela. Hasi ginenean alde handia zegoen, baina orekatzen ari dela uste dut, eta beste klubetan ere ikusten dut emakumezkoen futbola sustatzen ari direla. Talde profesionaletan emakumezkoen futbolak indarra hartu du, baina oraindik bidea geratzen zaio egoera hobe batera iristeko. Gero eta emakumezko epaile gehiago daude, eta baita emakumezko entrenatzaile gehiago ere, eta uste dut pixkana lortuko dugula oreka lortzea. Horretarako denbora behar da, trantsizio bat egitea.

Eskola kiroleko arduraduna zara Tolosako Samaniego ikastetxean. Nola dago orokorrean eskola kirola parekidetasunari dagokionez?

Eskola kirolean genero aldetik ez dago bereizketa handirik. Samaniegon nik begiraleak neskak eta mutilak ditut, eta epaileak ere neskak eta mutilak. Ez dugu bereizketarik egiten, iruditzen baitzaigu denak direla gai lan hori egiteko, eta garrantzia ematen diogu pertsona arduratsua izateari, umeekin aritzeko eta umeei erakusteko prest egoteari. Eskola kirola oso garrantzitsua da umeek kirol ezberdinak probatzen dituztelako, bai neskek eta baita mutilek ere, gero etorkizunera begira gustatuko litzaiekeen bidea hartzeko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!