Ahaztuak

Erabiltzailearen aurpegia Jone Amonarriz 2020ko ekainaren 26a

Laurogeita hamabi urteko aitonak mugikorrarekin bideo-deiak egiten ikasi du konfinamenduan. Bista lausoa izan arren, behatz lodiak eta arrakala digital-informatikoaren koxka handi xamarra, lortu du, ingurukoen laguntzarekin, bai, baina batez ere borondate eta ilusioari esker; ahalegin horrek posible egin baitu, amonak eta biek seme-alabekin, ilobekin eta bilobekin hitz egin eta elkar ikustea. Horrela ordezkatu ditugu aurrez aurreko hizketaldiak, besarkadak, muxuak.

Nor bere etxean egonda ere, lau aitona-amonak hain hurbil sentitzea luxu bat izan da, gurasoen eta izeben zaintza lanek ahalbidetu dutena, hein handi batean. COVID19-aren harira ezarri dituzten neurri eta debeku asko oztopo izan dira beraien bizimoduari eta osasunari eusteko, baina muga horien guztien barruan, esan daiteke, euren erabaki propioak hartu ahal izan dituztela. Gure burbuiletan murgilduta egon garen —eta jarraitzen dugun?— bitartean, ordea, zer gertatu da bakarrik edota zaharren egoitzetan bizi direnekin?

Harrerara iritsi orduko, maskara, kristalezko babesa eta eskularruak jantzi, oihalezko poltsa plastikozko poltsa batean sartu eta ondo itxi... Astronauta espazio-ontzira bidean nola, egoitzako korridoreetan barrena, amona bisitatzeko gelara iritsi, zer eta eta bi metroko egur zati baten punta batean esertzeko; bestean, bere amonaren begien irribarrea, nekea eta bakardadea. Hiru hilabete elkar ikusi gabe egon ondoren, orain bi aste bizitutako egoera da, lagun batek kontatu didana, kartzelako bisita baten deskribapen oso antzerakoa. Zer hausnartua eman dio. Baita niri ere bere hausnarketek.

Izan ere, fase berri honetan, hondartzako harea sentitu dezakegu oinetan, Uzturreko haizea aurpegian eta gin-tonic baten freskura ezpainetan, gure (sasi)askatasunaren trukean, urrats horiek egiteko antsietatearekin batera, krisialdi honek gehien kolpatu dituenak ahaztu ditugun bitartean —pertsona helduak kasu—. Egun batetik bestera.

Aldaketarako premia hori birus batek azaleratu diezaguke egun batean, eta 'normaltasun berriak' estali hurrengoan, baina bizirik dirau


Aitonak dei telematikoak egiteko adina esfortzu egingo bagenu ohitura batzuk aldatzeko, ziurrenik justuagoak izango ginateke hilabeteotan hain presente izan ditugunekin, txalo egin diegunekin edota agur esan digutenekin. Beharra bezalakorik ez dago gauzak aldatzeko borondatea pizteko. Aldaketarako premia hori birus batek azaleratu diezaguke egun batean, eta 'normaltasun berriak' estali hurrengoan, baina bizirik dirau eta kolpatuko gaitu berriz ere, guk planeta kolpatzen dugun indar berarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!