"Taldean sinisteko eskatzen diegu zaleei"

Imanol Garcia Landa 2020ko eka. 25a, 19:59

Futbol jokalari izatetik entrenatzaile izatera pasatu dira. Avellanedak eskarmentu gehiago du zeregin horretan eta bere postua hartuko duen Arruabarrenari bere ideietan zentratzeko aholkatu dio.

Kuadrilla berekoak izateaz gain, pasio bera dute biek: futbola. Ander Avellanedak (Tolosa, 1984) Tolosa CF-ko gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaile izateari utzi dio, eta Mikel Arruabarrenak (Tolosa, 1983) hartu du bere lekua.

Aurreneko galdera Ander Avellanedari: zer dela-eta hartu zenuen Tolosa CF-ko entrenatzaile izateari uzteko erabakia?

Ander Avellaneda. Zure herriko taldean hainbeste urte pasa ondoren, bai jokalari moduan, gero entrenatzailearen laguntzaile bezala, eta gero lehen entrenatzaile moduan, erabakia hartzea ez zen erraza izan. Zikloak hasi eta bukatu egiten dira; pentsatzen nuen helburuak lortuta zeudela, eta hortik aurrera erabakia nahiko garbi nuen: zergatik ez kluba ondo utzi eta beste norbait etortzea ilusio hori mantentzeko.

Ze proiektu dituzu futbolean?

A.A. Futbola asko bizi dut, txikitatik, eta nire ideia entrenatzen jarraitzea da. Badakigu oso zaila dagoela, eta ez bada orain, ea aurrerago erronkaren bati aurre egiteko aukerarik agertzen den.

Mikel Arruabarrenaren txanda orain: zer suposatu du zuretzat entrenatzaile izendatu izana?

Mikel Arruabarrena. Lehenengo, ilusio asko, erronka polit bat da. Nire lehenengo aldia da senior mailan entrenatuko dudala, eta hori herriko taldean eta beti bizi izan dudan taldean izatea oso gustura hartu dut. Badakit gauzak ez direla errazak izango. Bi urte on egitetik dator kluba, eta nire helburua, Anderrek lortu duen berdina izango da, taldea Hirugarren Mailan mantentzea. Azken hamabi urteetan taldea gora eta behera ibili da, eta ea lortzen dugun urte batzuk Hirugarren Mailan egitea.

Azken denboraldian kirol zuzendari izan zara, eta orain gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaile izateaz gain, beste taldeen koordinatzailea ere izango zara.

M.A. Errendimenduko taldeak koordinatuko ditut: Euskal Ligako kadete mailako taldetik Hirugarren Mailara arte. Denbora asko da, sei talde dira, eta denboraldia hasi arte lan asko da dena koordinatzen, entrenatzaileak direla, zelaiak direla, partidak... Baina gustura egiten diren lanak errazago egiten dira.

Azken denboraldi hau oso berezia izan da: berriro Hirugarren Mailan, Errege Kopa, konfinamendua...

A.A. Konfinamendua alde batetara utziz, kirol arloari dagokionez, kontuan izanik pare bat urtetara Tolosa CF-k ehun urte egingo dituela, kopa jokatzeko horrelako sari bat izatea berezia eta bizia izan da. Azkenean, hainbat urtetan egin den lanaren saria izan da.

M.A. Urte ezberdina izan da, gogoan izango duguna, bai klubak eta baita bazkideek ere, historian lehen aldiz Tolosa CF-k kopan Lehenengo Mailako talde baten aurka jokatu zuelako Berazubin. Gero, gaixotasun horren urtea izan delako. Kirol arloan guretzako urte on bat izan da, bai Hirugarren Mailakoarentzat eta baita beste taldeentzat ere.

Ze bizipen eramaten dituzu, Ander, Tolosa CF-tik?

A.A. Bizipen berezi asko, baina bereziki momentu onekin geratzen zara. Egia da, etorri nintzen lehenengo urtean jokalari bezala, urte oso berezia izan zela, Urtziren heriotzarengatik. Hori izan zen unerik txarrena, baina horrek ere eragin du familia indartu eta elkartzean. Hortik aurrera, momentu zailak, Tolosa entrenatzea ardura handia delako, eta zure herrian gehiago. Momentu onak ere izan dira, igoera eta Kopa, eta horiekin geratzen naiz.

Jokalari zinela bazenekien entrenatzaile bihurtuko zinela?

A.A. Beti gustatu izan zait futbola, eta jokalari bezala urte batzuk pasatu ondoren, nahi izan nuen mundu horretan sartu. Beste mundu bat da, oso ezberdina. Gustuko dut, eta gustukoa denean ilusioarekin egiten duzu eta dena errazago eramaten da. Asko bizitu dut, eta jokalariekin harreman estua nuenez, bere alde ona zuen eta bere alde txarra ere bai. Denborarekin ikasten zoaz, eta gustura aritu naiz eta esperientzia hartzen joan naiz.

Eta, Mikel, zuk ere pentsatzen zenuen entrenatzaile izango zinela?

M.A. Futbol munduan 20 urte pasatu ditut, denbora izaten duzu, eta aprobetxatu dut hiru entrenatzaile tituluak ateratzeko. Gero ez dakizu gustatuko zaizun. Aurreko urtean kadete mailako taldea entrenatu nuen. Gustatu zitzaidan, eta ez da berdina jokatu edo entrenatu, baina burua deskonektatzen duzu beste gauzez, eta disfrutatu egiten dut. Orain Hirugarren Mailako taldearen entrenatzaile izateko aukera dut, eta ez da erraza hain goiz maila horretan entrenatzea. Orain disfrutatzea tokatzen da.

Zer aholkatzen diozu Mikeli ardura berrirako?

A.A. Aholku gutxi. Mikel pribilegiatua izan da futbolaz bizi ahal izan duelako, eta aholku bakarra izango litzateke bere ideietan zentratzea. Lehenengo Mailan jokatu du, berak egindako esfortzu eta lanarekin. Horrela jarrai dezala, bere ideiekin, eta beste guztiari kasurik ez egitea.

Zer ikasten da, Ander, entrenatzaile izatean?

A.A. Hiru arte kontatzea. Esan daiteke pertsona oldarkorra naizela, eta denborarekin ikasi dut gauzak esan aurretik pentsatu behar direla. 20-25 mutilekin zaude, bakoitzak bere iritzia du, egunero proban jartzen zaituzte, eta hori kontuan hartu behar da.

Eta, Mikel, nola aurreikusten duzu datorren denboraldia?

M.A. Dena planifikatu nahian gaude, baina oraindik ez dugu datarik. Dirudienez, hogeita bi taldeko multzo bakarra izan beharrean, hamaika taldeko bi multzo egingo dira. Tolosa talde umila da, eta mugak ditugu jendea ekartzeko. Bajei dagokionez, Arrietak azaldu du utzi egingo duela, eta horrez gain jokalari asko ditugu. Aurreko denboraldikoak, jubeniletako pare bat jokalarik eta Preferenteko jokalari batek lehen taldearekin egingo dute denboraldi-aurrea, eta horri kanpotik ekarri daitekeena gehitu behar zaio. Bestalde, jende asko gaude, eta erabakiak hartu beharko dira. Hori da futbolaren alde txarra.

Lehen aldiz Tolosa CF-n emakume bat ariko da, Henar Martinez, gizonezkoen talde bat entrenatzen.

M.A. Pausoa da aurrera begira. Jubenilen hirugarren taldea entrenatuko du, lehen mailakoa. Ez dakigu zenbat emakume izango diren mutilak entrenatzen Gipuzkoan, baina guretzako eta berarentzako erronka polit bat da. Oso ondo egin ditu gauzak azken urteetan, oso ondo prestatuta dago, eta orain ikusi beharko da bere egokitzapena. Badakigu nola lan egiten duen eta zer ilusio duen. Pauso bat da Tolosarentzako, eta uste dut etorkizunean ere beste talde batzuetan ikusiko dela.

Ze mezu duzue zaleentzat datorren denboraldirako?

A.A. Taldean sinisten jarraitzeko. Hirugarren Mailan momentu zail asko daude, eta horietan eutsi behar da gehiago. Zelaian ikusten denaren atzean aste guztiko lana dago, esfortzu handia, kontuan izanik jokalariak ez direla honetaz bizi.

M.A. Zaletuei lehenengo gauza, dirudienez abendura arte ezin izango dutela estadiora sartu. Gauzak aldatzen doaz, baina oraindik ez dago ateak irekita jokatzeko baimenik. Bestalde, taldea jarraitzeko, Pontellasen aurkako edo Valladoliden aurkako Berazubiko partidan zenbat zaletu zeuden ikustean gozatu egin genuen, eta badakigu horretara ez garela iritsiko, baina baloratzeko jokalariek egiten duten lana eta esfortzua. Taldean sinisteko eta taldeari laguntzeko; ea berriro ere mailari eusten diogun.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!