Ez lizar hostoen hotsik, ez tirorik, ezta musika bandaren diana doinurik ere. Isilik esnatu da Tolosa, urteko egun handienean. Gaur, San Joan eguna ospatzen ari dira herritarrak, baina ez beti bezala. COVID-19k eragindako pandemiaren ondorioz, ezinezkoa da, oraindik ere, ekitaldi jendetsuak aurrera eramatea, eta eragile eta herritarrek neurri bereziak hartuta ere, ia ezinezkoa zuten festetan parte hartzea.
Hori dela eta, goizeko 11:00etan, meza nagusia ospatu da Andre Mari elizan. Erabat ezohikoa izan da. Sarrera kontrolatzen aritu behar izan dute, 300 laguneko edukiera ez gainditzeko. Minutuak aurrera joan ahala, geroz eta jende gehiago sartu da, eta 11:30eak aldera ateak itxi behar izan dituzte. Amaieran, ohiko prozesioa ordezkatuz, San Joan santuarekin itzuli bat eman dute eliza barruan, Udal Txistulari Bandak zortzikoaren doinuak jotzen zituen bitartean. Herritarrak jakitun dira egun berezia izaten ari dela. Hala ere, ez dute dotore jantzi eta familiko kide nahiz gertukoekin egoteko aukera galdu nahi izan.
Arestian aipatutako ekitaldi jendetsuenetako bat, eskopetarien alardea izan ohi da. Bada, aurten, ezer ez egitea erabaki badute ere, 16 konpainietako 12 kapitain elkartu dira hamaiketakoa egiteko. Tartean, taldeko argazkia ere atera dute. Aurretik, gainera, Uzturrera ibilaldia egin dute, Uzturrera.
Arratsaldean, musika
Musikak ere izango du tokia gaurkoan. Izan ere, Kalean txarangak saio berezia eskainiko du streaming bidez, 19:30ean. Horrelako egoera baterako izen aproposa ez bada ere, etxetik aritu beharko dute. Horrez gain, kontzertuak izango dira zezen plazan, 20:00etatik aurrera. Irati Etxeberria bakarlariaz gain, Adi eta Postal Kolekzionistak taldeak eta Xabi Bandini ariko dira bertan. Jada ez da sarrerarik geratzen kontzertuetarako; hala ere, saio hau ere streaming bidez ikusteko aukera egongo da.